Sopelako Udalak dirulaguntza eskatu du Ander Deuna Ikastolaraino bidegorria eraikitzeko

Sopelako Udalak dirulaguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Antolakuntza sailari Ander Deuna Ikastola eta herrigunea bidegorri bidez lotzeko. Udalak abuztuan egin zuen eskaera, eta dirulaguntza jasotzekotan, Udalak proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu du.

Aipatu akordioa Sopelako udalbatzak hartu zuen, uztailaren 30ean ospatutako ohiko udal bilkuran, eta ahobatez.

Proiektu honen behin-behineko aurrekontua honakoa izango litzateke: 515.779,74 euro, eta erakunde biek ordainduko lukete (dirulaguntza ematekotan).

Bidegorri-eskaera aldarrikapen historikoa da Ander Deuna Ikastolan. 2010. urtean, esaterako, “Zentzuz mugitu, hobeto bizi” ekimena sortu zuten, bidegorria eskatzeko. Urte bereko irailean, gainera, DBH. 1-eko hainbat ikaslek Udalari “bidegorri seguru” bat eskatu zioten, euren iritziz, “Sopelan bidegorri-sarea oso urria” delako.

Proiektu honen helburu nagusia, beraz, eskaera honi erantzuna ematea da. Edozelan ere, ekimen hau aurrera eramateak ondorio positibo ugari izango lituzke:

-       Ikastola eta herrigunearen artean 1,4 kilometroko distantzia dago. Autoa utzi eta bizikleta hartzen duen pertsona bakoitzeko (gutxienez 14 kilometro egunero), kontuan hartuz 36 astetan eskolak ematen direla, urtero 504 kilometro pertsona bakoitzeko aurreztuko liratezke.

-       Ordu gorietan batez ere, autoen joan-etorri ugari izaten da ikastetxearen sarreran. Horrek, zirkulazio arazoak sortzeaz gain, C02 emisio eta kutsadura handia sortzen du.

-       Kutsadura akustikoa ere nabarmen gutxituko litzateke.

-       Egunero kirola egitea oso osasuntsua da, eta bizikletaz ibiltzea alternatiba oso onuragarria da.

-       Ikastolara heltzeko bide seguru bat lortuko litzateke. Izan ere, gaur egun ikasle eta langile ugari Ikastolara bizikletaz joaten da, bidegorririk izan ez arren, eta horrek dakarren arriskuarekin.

-       Urteetan zehar, Ander Deunako ikasleek bidegorria aldarrikatzeko bizikleta-martxak antolatu dituzte, eta eskola-agendako bileretan behin eta berriz eskatu dute. Euren eskaera bat aurrera eramateak gazteek udal eztabaida eta erabakietan gehiago parte-hartzea bultza dezake.