SOPELA, UDALERRIKO IZEN OFIZIAL BERRIA

Zorionak, Sopela!

Gaurkoa egun historikoa da! Gaurtik aurrera, gure herriari SOPELA deitu ahal izango diogu modu ofizialean. Bizkaiko Batzar Nagusiek azken urratsa eman dute gaur gure udalerriaren izen ofiziala aldatzeko, Euskaltzaindiak, euskalgintzak, Sopelako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa berretsiz.

Udalerriko izen ofiziala aldatzea prozesu luzea izan da. Udalak 2012. urtean hasi zuen prozedura: Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena ‘Sopela’ dela adierazi zuen berriro ere. Azken urteetan, udalerriko izen ofiziala Sopela izan behar duela adierazi du Euskaltzaindiak hainbat aldiz:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma ‘Sopela’ izan zen.

- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.

- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako Lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa ‘Sopela’ dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. ‘Sopelana’ izena, aldiz, udalerriari deitzeko ‘versión romance’ bezala izendatzen zen.

- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.

Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta gaia udal bilkuran bozkatu zen 2013. urteko otsailaren 28an. Udalbatzak gehiengo absolutuz onartu zuen, aldeko 14 botorekin eta hiru abstentziorekin. Sopelako Udalak alegazioetarako tartea zabaldu zuen, eta alegaziorik jaso ez zelarik, erabakia berriro berretsi zuen.

Ondoren, Udalak akordioa Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali eta bertako Batzorde Instituzionalak izen aldaketaren aldeko irizpena eman zuen 2013. urteko abenduaren 3an. Eta gaur izan da azken urratsa: Bizkaiko Batzar Nagusiek udalerriko izen ofiziala aldatzea adostu dute EAJ-PNV eta Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EE eta PPren abstentzioarekin.

Euskalgintzaren bultzada

Sopelako Udal Gobernuarentzat, historikoa da gaurko eguna. Historikoa diogu, baina ez gure herriko izena gaur aldatuko delako. Ez. Guretzat, gure herriko izena beti izan da ‘Sopela’, hala sentitu dugulako eta euskaraz hala erabili dugulako beti. Baina historikoa da, azkenean gure herriko erakundeak, Udalak hain zuzen ere, sentimendu eta nahi hori modu ofizialean islatuko duelako. ‘Sopela’ erabili dugu sopeloztarrok herriko kaleetan, etxeetan, baserrietan, eskolan... eta orain, Udalak eta gainontzeko erakundeek ere hala egingo dute.

Izena aldatzeko prozedura legegintzaldi honetan hasi bagenuen ere, ezin dugu ahaztu azken hamarkadetan, sasi guztien gainetik, ‘Sopela’ izena aldarrikatu duten lagunak. Bidean hamaika oztopo topatu arren, aurrera egiten jarraitu duzuenoi. Sopelan euskarak merezi duen begirune eta errespetua aitortzeko lanean jarraitu duzuenoi. Zuentzat gaur hartu den erabakia, azkenean, denon artean lortu dugulako. Ezina, ekinez egina! 

Izen aldaketaren inplementazioa

Hurrengo aste eta hilabeteetan, Sopelako Udalak izen ofizial berriaren inplementazioa burutuko du. Hala ere, “Sopelana” izena duten kartel eta azpiegitura guztiak ez dira epe laburrean aldatuko. Udalak inplementazioa epeka egingo du, eta lehenik eta behin inolako kostu ekonomikorik ez duten aldaketak burutuko dira: barne-mailako dokumentuak (agortzen direnean), mantxetak, publizitatea, udal agerkariak, deialdiak e.a.

Udal eraikinen seinaleak eta bestelako azpiegituren izenak ez dira berehala aldatuko, kostu ekonomikoak direla eta, eta hondatzen diren heinean aldatu egingo dira izen ofizial berria jarriz. Era berean, Udala beste enpresa eta erakunde batzuekin harremanetan jarriko da eurek ere izen ofizial berria euren azpiegituretan jar dezaten (Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao e.a.).

Horrez gain, Sopelako Udala irudi korporatiboaren azterketa egiten dabil eta hurrengo asteetan egokitutako irudi korporatibo berria aurkeztuko du, izen aldaketa berriarekin lotuz.

Kantaldia-ekitaldia

Izen aldaketa historiko hau auzokide guztiekin batera ospatzeko asmoz, Sopelako Udalak ekitaldi bat antolatu du martxoaren 16an, 19:30ean Kurtzio Kultur Etxean. Sarrera debalde izango da eta bertan Ruper Ordorika musikari ezagunak parte hartuko du.