Historia

sopela historia

Sopela Plentzia-Mungia eskualdean kokatuta dago, Uribe Kosta merindadean. Hedadura: 8,42 km2. Kostaldean dago, Gobela ibarrean. Muga geografikoak: Kantauri itsasoa, eta Urduliz, Berango eta Barrika udalerriak. “Bizkaiko sinklinorioa” osatzen duten material eozenikoen higaduraren ondorioz sortu da gaurko erliebea. Materialen gogortasun handiagoak edo txikiagoak paisaia bariatua ekarri du: HEtik IMra norabidean dauden mendixkak, Seierri (194 m), Munarrikolanda (255 m) eta Atxak (198 m). Kostaldeak itsas labar baxuak eta Atxabiribil eta Arriatera hondartzak tartekatzen ditu.

Gobela errekak udalerria zeharkatzen du errekasto txikien bidez; Lemotzak Goierrin du sorburua; eta Gatzarriñek Zaldun. Sopela, betidanik, nekazaritza-aldea izan da, eta bere ekonomiak Behe Nerbioiko hiri-eskualde industrialerako horniduraren inguruan jardun izan du. Eskualde horretan inguru mugakideetarantz gertatutako deskongestioak -bai industriak, bai bizitegiak- zuzen-zuzenean eragin du Sopelan azken urteotan. Azken kasu horretan, kostaldeak, Nerbioiko inguru saturatuak ez bezala, zituen baldintza ekologiko onek ere beren ekarpena egin dute. Prozesu honen amaiera gisa, industriak jarri dira bertan, eta ugaritu egin dira urbanizazioak, bigarren etxebizitzen fenomenoarekin batera. Bilakaera demografikoak, arian-arian, gorantz egin du, azken urteotan bereziki. Horrela, 1900an 814 biztanle baziren ere, 1978an, 5.370, eta 2001eko urtarrilean 10.417 biztanle.

Udalerriaren prozesu demografikoan bi une bereizten dira. Batetik, hirurogeiko hamarkadaren amaieran, biztanle-kopuru txikia zuen, nekazaritza-paisaiaren iraupenarekin zerikusia zuena, eta bere biztanleriaren zati batek Plentziako edo Butroiko industrietan egiten zuen lan.

Bestetik, beste prozesu bat gertatu zen, eta biztanleen kopurua asko handitu zen: 1960-1975 bitartean, %150 handitu zen biztanleria. Duela urte gutxi gauzatutako hazkunde handi horren ondorioz, biztanleriaren adinaren araberako osaeran gazte-taldeak nagusi dira besteen aldean.

Ezaugarri horiekin batera, biztanleriaren osaera aktiboak aldaketa handiak izan ditu azken urteotan: nekazaritza eta abeltzaintzara emandako biztanleria gero eta txikiagoa da; beste bi sektoreetakoa, berriz, asko handitu da.

Nekazaritza eta abeltzaintza atzerabidean daude, nabarmen. Erroldan jasotako azaleraren %9a baino ez da lantzen, eta horretatik, ia dena, ortuak eta bazka-soroak dira. Gune horiek, landekin batera, behi-azienda aberatsa dute, batez ere minifundio eran antolatuta. Industria-sektorearen arian-ariango gehikuntzak zerikusia du industria berriak jartzearekin.

Zerbitzu-sektoreak garrantzi handia lortu du azken urteotan. Horri, laguntza eman dio inguru hau atseden eta aisialdirako hautatu izanak. Zerbitzu pertsonal eta komunitario ugari zabaldu dira: jatetxeak, denda espezializatuak... Prozesu horrekin zerikusia du bigarren etxebizitzak ugaritzeak, eta Bilbo inguruarekin dituen komunikazio onei esker, bizileku horiek lehenengo etxebizitza bihurtzen dira.

Udalerri hau populatzeko modua Bizkaiko kostaldeko beste alde batzuetan dagoen berbera da. Urbanizazioak ugaritu direla-eta, erabat aldatu da orain arteko nekazaritza-paisaia. Biztanleria bi entitatetan banatzen da: Moreaga eta Ugeraga.

Aurrehistoria

Sopelankontrastez beteriko herria da. Bertan, hondartzak, haitzak eta historiaurreko aztarnategiak eraikin modernoekin konbinatzen dira.

Uribe Kosta merindadeko elizatea. Sopelako leinuak sortu zuen herri hau, eta Butrondarrei eta Laratarrei lotuta zegoen. Bere dorretxearen gainean eliza eraiki zen. Eraikinaren sarrera zen ojiba-atean, familiaren armarria ageri zen (gurutze-erako bi giltza eta lau bihotz).

S. Pedro Apóstol parrokia XII. mendean sortu zuten bertako arma-eliztarrek, eta XIV.enean beste leku batera aldatu zuten: mairuek, 1307an Bizkaiko Jaurerriaren aurka izandako gudu batean, Martín Gonzalez de Sopelana arma-patroia hil zuten, eta haren alargunak Jauregizarretik mendixka baten maldara eraman zuen eliza. Eliza berriro eraiki zuten XVIII. mendearen erdialdean, eta jardunaldi osoko hiru apaizek zuten hango ardura. Sopeloztarren etxeko jabearen asmoa kontuan hartuta berreraiki zen eliza.

S. Andrés Apostoli dedikatutako baseliza badia txiki batetik hurbil dago, eta han, garai batean, lau kainoidun itsas bateria zegoen.

Bertako auzotarrek -gehienak nekazariak eta marinelak- ordezkari bat zuten Gernikako Batzar Nagusietan. Jesarlekua zeukan (49.a), bai eta botoa ere.

Sopelan, Kurtzion hain zuzen ere, historiaurreko aztarnategi bat dago. Aztarnategia 1955ean aurkitu zuten, eta 1959an indusi. Bost zundaketa egin dira bertan, eta ateratako materiala Bizkaiko Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoan dago.

Amaitzeko, “lantzak” aipatu behar dira. Benetako erlikia historikoak dira, gure egunetara ukitu gabe heldu direnak. Udalak gordetzen ditu Alkatetzan. Agintaritza-ikurrak dira, joan den mendeko hainbat eta hainbat urtetan erabili zirenak. Alkateak, tresna horren laguntzaz, gure herriko erromerietako buru jarduten zuen. Aurrerago, alkate-makilak lekua kendu zion lantzari. Udalek edo elizateek, beren tradizioen zaindari, “lantzak” gorde zituzten, benetako altxorrak balira bezala. Horixe da Sopelaren kasua, bi “lantza” eder baititu. Zilarrezko alde zorrotzean, ondoko inskripzioa agertzen da: "Anteiglesia de Sopelana. Año 1788". Jai-egunetan udaletxearen aurreko zelaian dantzaldia zegoenean, lantza biak gurutzatuta jartzen ziren Udalbatza jesartzen zen bankuaren aurrean. Geroago, zinegotziek erabili zituzten, San Pedro egunean elizara joateko. Egun horretan, Elizatearen bandera eramaten zuten; banderak lantzen armarria zeraman, granatez brodatuta.