Seinaleak jarri dira herriko sarbideetan, Udalbiltzako eredua jarraituz

Sopelako Udalak hiru seinale berri jarri ditu gaur, azaroak 20, udalerriko hiru sarrera ezberdinetan, auzokide eta turistei ondo etorria egiteko asmoz. Seinaleen eredua Euskal Herri osoko udalerrientzat Udabiltza erakundeak proposatutako eredua izan da, guztientzat proposatutako grafia eta diseinua jarraituz.

Aipatu seinaleak honako sarreretan jarri dira: Larrabasterran jarri dira bi (BI-634 errepidean eta Urkoko biribilgunean) eta Urdulizeko sarreran (Garbiguneko birbilgunean).

Seinalean, “Sopela” udalerriaren izena jartzeaz gain, honako ondo etorria jartzen da: “ongi etorri, bienvenido/a, welcome, bienvenue”, herriaren izaera turistikoa nabarmenduz. Izan ere, orain arte, Sopelak ez du izan auzokide eta turistei ondo etorria emateko inolako seinalerik. Beraz, seinale hauekin udalerriaren irudia hobetzea da asmoa, eta udalerriko izen ofiziala, “Sopela” alegia, egonkortzea.

Bestalde, Larrabasterrako sarreretako seinaleetan “Larrabasterra” dioen seinalea gehitu zaio, auzo honek duen berezko izaera errespetatuz.