Sopelako Udala - Sopelako Udalaren Adierazpen Instituzionala Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako eguna dela eta
Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Sopelako Udalaren Adierazpen Instituzionala Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako eguna dela eta

Sopelako Udalaren Adierazpen Instituzionala Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako eguna dela eta

Emakumeen aurkako indarkeria larderiarako tresna indartsua da, emakumeei zuzendua, indarrean dauden genero-arauak desafiatu eta eralda ez ditzaten. Mehatxurako tresna hori zuzenean emakumeengan erabiltzen da, baina baita haien gertuko pertsona maitatuenengan ere, min handiagoa sortzeko modu gisa. Kalkuluen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien eskutik indarkeria jasaten duten EAEko hamar emakumetik seik seme-alaba adingabeak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dira.

Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria-maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean.

Azken lege-aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen birbiktimizazioan eragiten dute, haien salaketak susmopean jartzen dituzte, amak zigortzen dituzte, haien testigantza gutxiesten dute eta aitaren guraso-ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik.

Emakumeen aurkako indarkeria beren seme-alaben bidez sistematikoki egikaritzeko modu horren aurrean, bai eta emakumeak kontrolatzeko, hertsatzeko eta kaltetzeko modu guztien aurrean ere, euskal erakundeok indarkeria horri aurre egiteko erantzukizuna dugu, kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola.

Horregatik, Sopelako Udalak honako konpromiso hauek hartu nahi ditu:

●    Indarkeria bikarioaren errealitate hori agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea, besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen dituen indarkeria-bideen biktima adingabeak koordinazio protokoloetan eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloetan txertatzea eta protokolook eguneratzea.

●    Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta emakumeek beren ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea.

●    Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, beren eskumenen esparruan, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.

●    Neurri guztien erdigunean jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, eta laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere.

●    Toki-administrazioko langileak berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz .
●    Lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako, eta, ondorioz, haien seme-alaben aurkako, herri-itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko.

Herritarrei gogorarazi nahi diegu indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea eskuragarri dagoela, besteak beste, SATEVI (900 840 111) indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzuaren eta ZEUK ESAN (116 111) haur eta nerabeentzako telefono eta online orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzuaren bidez.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta beren udalerrietan deitutako mobilizazioekin.

Oharrak

  • 2018eko azaroaren 21a.
    Bilera Olentzero eta Mari Domingiren harrera

    Azaroaren 26an  Olentzero eta Mari Domingiren harrera antolatzeko batzordearen lehen bilera egingo da, 18:00etan, Kurtzio kultur etxean.

     

  • 2017eko abenduaren 05a.
    Trafiko desbideraketak Sopelan bidegorriko lanak direla eta

     

    Abenduaren 11an hasiko eta urtarrilaren 12ra arte luzatuko diren bidegorriko lanak direla eta, Enrike Urrutikoetxea eta Olabide kaleen arteko bidegurutzean trafiko desbideraketa batzuk izango dira.

    Halaber, abenduaren 11n Olabide kaleko aslfaltoaren konponketa lanei hasiera emango zaie, oinezkoentzako pasabideak ere igoko direlarik. Lan hauen iraupena, 2 aste ingurukoa izango da eta kasu honetan, lan gunea kontuan hartuta, seinale edota semaforo bidezko ordezko pasabideak jarriko dira.

  • 2017eko ekainaren 14a.
    Urez hornitzeko sarearen konponketa lanak

    Noiz: ekaina, uztaila eta abuztua

    Lekua: Akilino Arriola kalea

    Eragina trafikoan: Loiola Ander Deuna-Iberre bide-zatia eta Iberre eta  Goiene arteko espaloia.

    Zergatia: Ur edangarriko hodiaren ubideratzearen aldaketa

    Semaforo bidezko ordezko pasabidea instalatuko da

    Sopelako Udalak Akilino Arriola kaleko ur-hornidurako sarearen ordezpen lanak hasi ditu. Lanen iraupena 2 hilabete ingurukoa izango da, hortaz Akilino kaleko trafikoari eragingo die Iberre kaletik Ander Deuna kalerarte semaforoz erregulatuko den bide bakar batekin. Ur edangarriko hodiaren ubideratze osoa aldatzean datza.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia