Sopelako Udalak 16,3 milioi euroko aurrekontua onartu du 2018rako

Sopelako Udalak 2018ko udal aurrekontuak onartu zituen atzo arratsaldean ospatutako osoko bilkuran. EAJ-PNV eta PSE-EEk osatutako Gobernu taldea, akordio batera heldu da Orain Sopela alderdiarekin aurtengo udal kontuak aurrera eramateko. Atzora arte, udalak aurrekontuak luzatuta zituen eta era honetan, kontsistorioak 16,3 milioi euroko kontu berriak izango ditu eta honek, 2,85 milioi euroko igoera suposatzen du.

Hala, Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak, akordiora iritsi diren alderdi politikoen esfortzu eta akordiorako gaitasun zein aldez aurretiko jarrera baikorra azpimarratu nahi izan ditu, izan ere, aurrekontuen onarpena gai garrantzitsu eta mamitsua baita, tokiko administrazio baten egunerokotasuna baldintzatzen duten kontuak baitira. “Orain Sopelak negoziaketetarako izan duen jarrera baikorra eskertu eta azpimarratu nahi dut, sopeloztar guztion interes eta ongizaterako akordio puntuak erdiesteko. Babes eta integrazio sozialarekin lotutako ekarpen baliogarriak egin ditu. Bestalde, bestelako alderdiek ez dute akordiorako inolako borondaterik erakutsi eta beraien proiektuak martxan jartzeko aukera ederra galdu dute, ez dute gehitu nahi izan”.

Hirugarren urtez jarraian, Gobernu taldea oposizioko udal alderdi batekin aurrekontu akordio batera iritsi da.

Sopelarentzako proiektu azpimarragarriak

Udal Gobernua osatzen duten kideen esanetan, “onartutako aurrekontuak, martxan jarri nahi dugun udalerri proiektuarekin koherenteak dira. Kontu hauei esker hartuko ditugun neurri eta martxan jarriko ditugun proiektuei esker, Sopelak aurrera egin ahal izango du”.  Alderdiek adostutako akordioko konpromisoei dagokienez, hurrengoak azpimarratu daitezke:

Aurrekontu berriei esker, Sopelarentzako estrategikoak diren proiektuak martxan jartzeko aukera zabaltzen da. Horien artean, institutu berri bat eraikitzeko, Udalak 2 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak dituen lur saila egokitzeko. Honez gain, lorezaintza eta garbiketa gastuak ere nabarmenki handitzen dira. Lorezaintza zerbitzuari dagokionez, gastua 270.000 eurotik 380.000 eurora igoko da eta kale-garbiketa lanena 270.000 eurotik 350.000 eurora. Azkenengo bi urteotan milioi bat euro baino gehiago inbertitu dira energi elektrikoko sarera. 2018ari begira %80ko igoera aurreikusten da mantentze lanetarako eta prebentziozko jardueretarako.

Akilino Arriolaren semipeatonalizazioa, Sopelmarrera iristeko sarreraren eraberritzea, Lizarre kaleko hobekuntzak eta udal liburutegiaren edota Urko Polikiroldegiaren berriztatzeak dira udalak sustatuko dituen beste ekimenetako batzuk.