Sopelako Udaltzaingoak 120 gramo marihuana harrapatu ditu prebentzio kontrol baten

Sopelako Udaltzaingoak 35 urteko Sopelako bizilagun bat salatu du Herritarren Segurtasunaren Babeserako Lege Organikoa hausteagatik. Alarma egoera dela eta, udaltzainak Errege Dekretuak debekatzen dituen ibilgailuen mugimenduak kontrolatzeko egiten ari ziren kontrol baten, bi poltsetan banatuta, 120 gramo marihuana zeramatzan gidari bat harrapatu dute.

Gertaera atzo izan zen, apirilak 13, eguerdiko 13:45ak aldera. Udaltzaingoko agenteek autoa geratu eta gidariarekin hizketan zebiltzala, kotxe barrutik marihuana usaina zetorrela ohartarazi ziren. Gidariari galdera batzuk egin ostean, 60 gramoko bi poltsa marihuana harrapatu zizkioten.

Hala, udaltzainek bi salaketa jarri dizkiote bizilagunari, alde batetik bide publikoan mota honetako sustantziak izateagatik eta bestetik, Errege Dekretuan ibilgailuen mugimendua justifikatzen duten arrazoirik ez aurkitzeagatik. Zentzu honetan, Sopelako Udaltzaingoak gogorarazten du, zirkulazio eta mugimendu neurriak ez betetzeagatiko isunak 601 eta 30.000 euro bitartekoak izan daitezkeela.