Sopelak surfaren eta naturaren babesaren erreserba bihurtzeko asmoa du

Sopelak surfaren eta naturaren babesaren nazioarteko erreserba bihurtzeko asmoa du. Izan ere, Udalak World Surfing Reserve (WSR) programan parte hartzeko izena eman du.

World Surfing Reserve edo Munduko Surfaren Erreserbak 2009. urtean abiatutako programa da, Save the Waves Coalition elkartearen eskutik. Bere helburua surfaren nazioarteko habitatak babestea da. Horretarako, programak olatuak, surfarekin lotutako guneak eta giroak identifikatzen eta aztertzen ditu.

Udalak aipatu programan izena eman du Sopela nazioartean kokatzen jarraitzeko asmoz: surfaren munduan erreferentzialtasuna irabaziz, eta olatuak eta hondartzen inguruak babestuz.

Beraz, erreserbaren parte izateko helburuak honakoak dira: Sopelaren promozio turistikoa indartzea; olatuak eta hondartza inguruari babesa ematea: herriko jarduera kultural, sozial eta ingurumenarekin lotutakoa bultzatzea; eta ingurumenaren babeserako kontzientziazioa zabaltzea.

Gaur egun, Munduko Surfaren Erreserba honako hondartzek osatzen dute: Malibu Amerikako Estatu Batuetan, Portugaleko Ericeira, Austrialiako Manly, Amerikako Estatu Batuetako Santa Cruz eta Peruko Huanchaco.

Egindako izen-ematean, Udalak honakoa nabarmendu du. Alde batetik, surfa egiteko hainbat gune daudela: “la batidora”, “la triangular”, “la reserva”, Atxabiribil, “el sitio”, Meñakoz, eta abar. Beste alde batetik, Sopelan urte osoan surfa praktikatzeko aukera badagoela azpimarratu da. Izan ere, mota guztietako olatuak daude, norabideari dagokionez (esker-eskuin) eta zailtasun-mailari dagokionez. Horrela, hasiberriek eta adituek surfaz gozatzeko aukera dute.

Sopelan surf-probak antolatu dira 80. hamarkadatik. Gaur egun, hainbat txapelketa antolatzen dira: Projunior ASPren proba bat, nazio mailako hainbat proba, e.a. Gainera, Sopelan surfarekin lotutako hainbat jarduera dago: elkarteak, enpresak, mota guztietako ekimenak, eta abar.

Ingurumenaren babesari dagokionez, azken hiru urteetan, Sopelako Udalak natura babesteko hainbat ekimen jarri ditu martxan; Urkoko berreskuratze-ekologikoa, Arriatera hondartzak EMAS (Europako ingurumen ziurtagari gorena) lortu du, herrigunetik hondartzaraino bidegorri-sarea handituko da, eta abar.

Gainera, 2014. urtean Udalak “Sopela Kosta Fest” jaialdia antolatu zuen, kultura, kirola eta naturaren babesa lotuz.

Erreserban parte hartzeko egindako eskaeran, Udalak beste hainbat ezaugarri aipatu ditu: kostaldeko flysch-a, Meñakozeko pillow-lavak, Burdin Hesiaren arrastoak, Euskal Herriko kultura eta ohiturak, euskara, eta abar.

Eskaera Udalak berak egiten duenez, horrek argi uzten du tokiko erakundeak proiektu honekiko eta naturaren babesarekiko duen konpromisoa, eta beraz, Sopelari erreserbaren parte izateko aukera gehiago ematen dizkio.