Izar berri bategaz helduko da Sopela Pro Junior surf txapelketa

Uztailaren 24tik 27ra ospatuko da Sopela Pro Junior surf txapelketaren edizio berri bat Sopelako Arriatera hondartzan; surflari eta ekitaldi askoren eszenatokian, alegia.

Txapelketa hau geldiune garrantzitsua da ASP Europe Pro Junior Series delakoaren Europako junior zirkuituan. Izan ere, ASP berak, junior ekitaldi onena dela ziurtatzen du.

Proba honetan 20 urtetik beherako 140 surflarik parte hartuko dute. Gizonezkoen zirkuituko 5 probetatik bigarrena da, eta emakumezkoen kasuan ere, 6 probetako bigarrena izango da ere.

Leticia Canales, Natxo Gonzalez eta Ethan Egiguren, ekitaldiko faboritoak  

Lehiakideen artean, etxekoak mehatxu handia dira; halaxe adierazi du egungo liderra den Vasco Ribeiro surflari portugaldarra. Besteak beste, bertoko Natxo Gonzalezen aurka arituko da, eta Ethan Egiguren donostiarra ere arerio izango du; biak, Portugalen ospatutako aurreko proban finalistak izan ziren.

Emakumezkoen rankineko buru den Tessa Thyssen, Guadalupe irlakoa, Leticia Canales sopeloztarraren maila azpimarratu du, faboritoen kiniela guztietan agertzen baita. Sopelako surflaria hirugarren postuan geratu zen Portugalen, eta ez dugu ahaztu behar egungo Europako txapeldunordea dela eta mundu mailan bederatzigarrena dela. Emakumezkoen probak protagonismo handiagoa izango du aurtengo edizioan, haiei zuzenduriko probak izar bat gehitu baitu. Horrela, bi izar izango ditu emakumezkoen proba, eta bakarra gizonezkoena.

Oraindik goizegi bada ere Sopelan izango ditugun olatuak nolakoak izango diren jakiteko, egia da, sorpresa politak izan ahal ditugula; laster edo beranduago, hain ospetsuak diren olatuak oparitzen baitizkigu Sopelako hondartzak, iazko finalean bezala.

Zirkuitu honetan parte hartzen duten gazte askok, mundu mailako WQS zirkuituan ere parte hartzen dute. Junior mundialera ere tranpolin zuzena da. Horregatik, aukera ezin hobea da etorkizun laburreko mundu mailako liderrak etxean lehiatzen ikusteko.

Pe├▒atxuri Surf Taldeak antolatzen du ekitaldi hau; Sopelako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Red Bull eta Surfing Euskadiren babesarekin eta Euskal Herriko Surf Federazioaren laguntzarekin.