Kosta Trail probak 4200 partehartzaile izan ditu eta marka guztiak hautsi ditu

Kosta Trail probaren ediziorik arrakastatsuena izan da aurtengoa. 4200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Sopelan hasi eta amaitu den proban. Bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta urtero legez Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa izan dira antolatzaileak, Sopelako Udalaren lankidetzagaz.

Saioa Villanueva Sopelako alkateak eman zien hasiera probei. Modu mailakatuan hasi dira, probak, baso eta hondartzak zeharkatu eta berriro udaletxe plazan amaitzeko (aurtengo ibilbidea zirkularra izan baita). Lehenengo korrikalariak lasterketakoak izan dira (30 km), 09:00etan. Horren ostean mendi-martxa (09:15) eta martxa familiarra (09:30) hasi dira.

Lasterketa (30 km)

Walter Becerra izan da txapelduna, ibilbidea ordu 2, 18 minutu eta 55 segundotan egin duelako. Hasiera-hasierak izan da lasterketaren burua eta gainontzeko korrikalarien erritmoa markatu du. Irabazlea pozik agertu da, eta harrituta agertu da Kosta Trailaren paisaiagaz, ikusteko tarte askorik izan ez duen arren. 
Minutu batzuen ostean bigarrena eta hirugarrena heldu dira. Bigarrena Joseba Urbano orozkotarra izan da, GrafSestao taldeko kidea, ordu bi, 26 minutu eta 51 segundoko denboragaz. Hirugarrena Joseba Plaza izan da, hiru minutura, ordu 2, 29 minutu eta 53 segundoko denboragaz. Iaz ere podiumera igo zen.

Emakumezkoei dagokienez, Nuria Picas kataluniarra izan da irabazlea, ordu bi, 44 minutu eta 54 segundoko denboragaz. Hasierako kilometroetatik lasterketaren buruan joan da. Minutu batzuk igaro ostean Montse Vazquez heldu da, ordu bi 56 minutu eta 39 segundoko denboragaz, eta hirugarren Amagoia Legarra sopeloztarra 3 ordu, minutu 2 eta 4 segundorekin (herriko irabazlea izan da). Gizonezkoei dagokienez Roberto Garay izan da sopeloztar onena, ordu bi, 35 minutu eta 49 segundorekin (laugarrena sailkapen orokorrean).