3200 lagun baino gehiago elkartuko dira igandean Kosta Trail lasterketan

Igandean, maiatzak 15, Kosta Trail kirol-lasterketaren bederatzigarren edizioa antolatu du Forum Sport-ek, Sopelako Udalaren lankidetzagaz.

Lasterketaren (30km) modalitateko izen ematea itxita dago jada, baina Mendi-Martxan (30km) eta Martxa familiarrean (11km) izena eman daiteke oraindik, Forum Sport-eko dendetan edo www.kostatrail.com web orrian. Dagoeneko martxetan 2800 lagunek eman dute izena, eta 481 kirolarik parte hartuko dute lasterketan.

Aurreko edizioetan bezala, lasterketa Bizkaiko kostako itsaslabarretako bide eta bidexketatik igaroko da.
Sopelako udaletxean izango da irteera eta kostara iritsi aurretik bide zati berria inguratzen duten pinu eta eukaliptozko basoak zeharkatuko ditugu, Munarrikolanda mendira iristeko. Igoera malkartsuak dituzten 10 kilometro berriek korrikalariak probaren hasieratik mugiaraziko dituzte.

Bizkaiko kostako paraje paregabeetatik igarotzen den ibilbide guztiak (30 km) bista ikusgarriez gozatzeko aukera emango die korrikalariei. Proba zoru mota ugaritatik igaroko da: asfaltoa, harea, lurra, belarra, zementua… eta hori izango da korrikalariek gainditu beharreko erronka nagusia.

Korrikalariek irteeratik oso gertu, Sopelan, topatuko dituzte lehen aldapak. Ibilbide osoan gainditu beharreko aldapen artean batzuk baino ez dira izango hasierako horiek. Lehen kilometroak pasatu ondoren, parte-hartzaileak kostalde guztia zipriztintzen duten bide estuetatik igarotzen diren Azkorri eta Barinatxe hondartzetara jaitsiko dira. Barrikako baso batean ezkutatutako bideak eginez Plentziara helduko gara eta handik berriro ere Sopelarako bidea hartuko dugu, prestatu dugun ibilbidearen tarte berria eginda. Tarte horretan aldapak ziurtatuta egongo dira helmugara iritsi aurretik. Udaletxe plazan lehen ibiltariak dagoeneko zain egongo dira lasterketako parte-hartzaileak agurtzeko.

Azken urteetan legez, Kosta Trail probak batzen duen dirua elkarte solidario bati emango dio. Kasu honetan, eta zazpigarren urtez, bildutakoa Eugenia Epalza Euskal Fundazioari emango dio.

Hitzaldia aurreko egunean

Bestalde, ekainaren 14an Kurtzio Kultur Etxean proba honekin lotutako hitzaldia ospatuko da. 18:00etatik 18:30ak arte Kosta Trailaren ibilbidearen inguruko hitzaldi tekniko bat izango da. 18:30etik 19:40ak arte Nuria Picas 2012. urteko Ultra Trail munduko txapeldunak “bizitza bat” hitzaldia eskainiko du.Amaitzeko, 19:40etatik 20:00ak arte “100 miliako bidaia” labur-dokumentala proiektatuko da.

Gonbidapenak 17:00etatik aurrera jaso daitezke Kurtzio Kultur Etxean.