“XII Sopelako Udala Igeriketa Saria” apirilaren 22 eta 23an

 

“Sopelako Udala Igeriketa Saria” ekimenaren XII. edizioa ospatuko da apirilaren 22an eta 23an Sopelako Udal Igerilekuetan. Aurten ere ekimenak, Sopela Swim igeriketa taldeak antolatuta, Sopelako Udalaren babesa eta laguntza dauka. Txapelketaren lehenengo egunean eskolarren txanda izango da. Apirilaren 22an, 9 eta 12 urte arteko kirolari gazteenak lehiatuko dira torneoaren XII.edizioaren saria lortzeko. Guztira Bizkaiko talde desberdinetako 350 parte hartzaile espero dira. Adinaren arabera,  50 metro edo 100 metroko distantziak egingo dituzte igerian. Bestalde, igandean, apirilak 23, federatuen txanda izango da. Ekitaldi honetan Euskadi osotik etorritako igeriketa taldeetako 13 eta 25 urte arteko 200 kirolarik hartuko dute parte. Okasio honetan, federatuek 50 metroko lau txanda egingo dituzte. Ez da txapelketa herrikoia izango, hala eta guztiz ere, Sopelako Udala XII. Igeriketa Saria ikustera hurbiltzen den pertsona orok ateak zabalik izango ditu txapelketaz gozatu ahal izateko.