Urko mendi taldearen ibilaldi herrikoiak, 30 urte!

Maiatzaren 3an helduko da Urko Mendi Taldearen egunik potoloena! Sopelako mendi-talde honek antolatzen duen Ibilaldi Herrikoiak bere XXX. edizioa ospatuko du egun horretan, urtero legez, hamaika kirolari erakarriz eta herria girotuz.

Ohikoa den bezala, ospakizunak aurreko egunean hasiko dira. Maiatzaren 2an udaletxe plazan Urko Mendi Taldeko lagunek txokolatada erraldoia egingo dute, hurrengo egunerako indarrak batzeko asmoz. Hitzordua 19:00etan jarri dute.

Hurrengo egunean nagiak ateratzeko ordua helduko da. Nagusiak goizeko 08:30ean urtengo dira Akilino Arriola kaleko 1. zenbakitik, 16 kilometroko ibilbidea egiteko. Txikiek lo egiteko aukera gehiago izango dute, eta euren urteera 10:00etan izango da, leku beretik. Antolakuntzak txartela eramaten duten partehartzaile guztiei hamaiketakoa eta oparitxo bat emango die. Amaieran, sari-banaketa egongo da.

Sopela gehiago girotzeko asmoz, Barinatxe Txistu Taldea eta Trikileku trikitixa kalez kale ibiliko dira.