"Futbola kalean" txapelketaren II. edizioa ospatuko da domekan Larrabasterran

Bigarren urtez, "Futbola kalean" txapelketaren jardunaldi bat antolatu du Athletic Fundazioak Larrabasterran, Sopelako Udalaren lankidetzagaz. Hitzordua igande honetan, martxoak 8, 10:30etik 13:30era Larrabasterrako Urgitxieta plazan izango da, eta jolasteko araua oso argia izango da: ez dago inolako araurik!

Hori da, hain zuzen ere, "Futbola kalean" txapelketaren helburua, kaleko futbolaren filosofia berreskuratu. Parte-hartzean eta jolasean oinarritutako futbola bultzatu nahi dute: lagunekin ondo pasatzeko, entrenatzaile barik, epaile barik... ondo pasatzea helburu duen jolasa, besterik ez!

Parte hartzeko adina honakoa da: alebinak (2003 eta 2004 urteetan jaiotakoak) eta benjaminak (2005 eta 2006 urteetan jaiotakoak). Talde bakoitzeko lau jokalari egongo da, atezain barik. Partida bakoitzak 10/15 minutuko iraupena izango du.

Talde irabazleak eta antolakuntzak aukeratutakoak (fair play eta Athleticen baloreak kontuan hartuta) hurrengo fasera pasako dira futbol 7-ko talde bat bezala, bere herria ordezkatuz, 10 jokalariz osatutako talde bat eginez. Finala ekainaren 14an jokatuko da, Lezaman.

Partidetan ez da egongo epailerik, eta, beraz, jokalariek eurek arautu beharko dute partidua. Ados jarri ezean, antolakuntzak erabakiko du.

Izena emateko hiru bide daude: telefonoz 902 014 357 zenbakira deituta, www.futbolkalean.com web orrian edo partiduaren egunean bertan.

Sopelako Udalak dei berezia egiten die emakumeei, txapelketan parte har dezaten.