Asteburu honetan, abentura-zikloa Kurtzio Kultur Etxean

 

Asteburu honetan (otsailaren 6tik 8ra arte) abentura-zikloa izango dugu Kurtzio Kultur Etxean, eta publiko guztietarako egitarau zabala izango dugu.

 

Zikloa “Aire airean, Broad Peak (8047m)” sesioagaz zabalduko da. Dokumentala ikusteaz gain, solasaldia ere izango dugu, Jose Ramon Agirre “Marron” eta Wiso (Parapente Bizkaia) sopeloztarraren eskutik. Biek ala biek euren parapente-hegaldiak izango dituzte hizpide (Himalaya, Afrika, Sopela, eta abar). Hitzordua 19:30ean izango da, eta sarrera debalde.

 

Hurrengo egunean, larunbata, dokumental arrakastatsu bat eskainiko da: “La sal de la tierra”. Lan honek Sebastiao Salgado argazkilariaren bidaia kontatzen du, eta hainbat sari eskuratu ditu: Cannes Jaialdiaren Epaimahaiaren Sari Berezia, Donostiako Zinemaldiaren ikusleen saria, eta abar. 20:00etan proiektatuko da, sarrera debalde. Gazteleraz.

 

Igandean, berriz, txikiek “Kon-tiki” pelikulaz gozatzeko aukera izango dute, 18:00etatik aurrera. Film hau benetako historia batean oinarrituta dago: Heyerdahl Noruegako esploratzaileak baltsa batean burutu zuen Ozeano Barearen zeharkaldiaren abentura. Zazpi urtetik gorakoentzat zuzenduta dago. Euskaraz.