Sopelan, tupperra kalera! Jaso debalde tupperra udaletxean eta erabili herriko dendetan!

 

Sopelako Udalak “Sopelan tupperra kalera” kanpaina martxan jarri du, herriko komertzioetan tupperraren erabilera sustatzeko asmoz. Ekimen honen helburu nagusia honakoa da: arraina edo haragia erosterakoan plastikozko eta paperezko hondakinak ahalik eta gehien gutxitzea.

Tuperra erabiltzeak abantaila ugari ditu. Alde batetik, erosoagoa da: etxera heldu eta zuzenean tupperra hozkailura sartu daiteke. Beste alde batetik, keinu txiki honekin papera eta plastikoaren kopurua nabarmen jaistea lortuko genuke, elikagaiak gordetzerakoan ez dugulako inolako hondakinik sortzen. Beraz, hondakin gutxiago sortzen dugunez, ingurumena zaintzen lagunduko dugu, eta horrek eragin zuzena du herrian eta herritar guztiengan. Azkenik, kanpaina honen bidez herriko komertzioen kontsumoa ere bultzatu gura da.

Tupperra erabiltzeko prozedura oso erreza da. Lehenik eta behin, erosketak egitera joan baino lehen tupper bat hartu beharko dugu etxetik. Harategi edo arraindegian erosten dugunean, dendariari tupperra emango diogu elikagaia bertan sartu dezan, plastiko edo papera erabili barik, eta guk etxera eraman dezagun.

Auzokideei erraztasunak emateko asmoz, Udalak familia-unitate bakoitzari tupper bana emango dio. Tupperrak udaletxean edo Sopelarinen (Larrabasterrako udal bulegoa) jaso ahal izango dira, martxoaren 31ra arte, honako ordutegiagaz: 09:00etatik 13:30ak arte. Debalde banatuko den tupper honek tamaina nahikoa du edozein elikagai gordetzeko, eta kanpoaldean SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluaren eta Sopelako Udalaren logotipoa du.

Gainera, tupperraren erabilera sustatzeko asmoz, lehenengo urtean tupperra erabiltzen duten auzokideek sari bat jasotzeko aukera izango dute. Hilabetero 30 euroko bonoa zozketatuko da tupperra erabiltzen duten auzokideen artean. 30 euroko bono hori herriko dendetan xahutzeko izango da. Zozketan parte hartzeko, partehartzaileek txartel bat bete beharko dute komertzioetan, eta kutxa baten barruan sartuko dute euren datuekin.

Kanpaina honen abiapuntua SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluak egindako lana da. SHK 2013. urteko martxoan hasi zen lanean eta udalerriko alderdi politiko eta elkarte ezberdinek osatzen dute. Kanpainak, gainera, Sopelako hainbat komertzioen babesa du.

Tupperraren erabilera oso hedatua dago beste leku batzuetan. Gipuzkoan, adibidez, oso arrakastatsuak izan diren kanpainak burutu dira. Bizkaian, ordea, Markina-Xemeingo Udalak baino ez du burutu horrelako ekimenik, beraz, ekintza aitzindaria dela esan dezakegu.

Sopelako Udalak eskerrak eman gura dizkie Sopelako Hondakinen Kontseiluan parte hartzen duten guztiei eta komertzioei, euren konpromisoagatik. Guztion artean, Sopela jasangarriagoa bihurtzea lortuko dugu. Eskerrik asko!

Zelan erabili tuperra modu egokian eta zelan parte hartu erosteko 30 euroko hileko zozketan. ARGIBIDE GEHIAGO HEMEN.