Aktibatu + programa

Aktibatu+ programa eguneroko ekintza txikien bidez planetaren egoera hobetzeko baliabide bat da.Ideia hori Global Action Plan-en (GAP) bidez sortu zen, nazioarteko sare bateko kidea den GKE bat. Sare horrek helburu partekatu hau dauka:Eguneroko ekintzek ingurumenean duten eragina arintzea, etxe, lantoki eta ikastetxeetan ohiturak aldatuz.Nazio Batuek babestu eta UNESCOk aintzat hartutako programa bat da eta 23 herrialdetan aplikatzen da 1990etik. Aurten, Bizkaia barruan Busturialdea, Lea Artibai eta Uribe Kosta eskualdeetara zabalduko da.

Helburua

Honako hauek dira Aktibatu + ekimenaren helburuak: parte hartzen duten ikastetxeetan energia kontsumoa % 5 gutxitzea, etxeetan energia eta ur kontsumoa % 5 murriztea, hondakinen gaikako bilketarako edukiontzien erabilera % 12 handitzea eta CO2 igorpenak % 7 gutxitzea.

Horrelako ekimenak oso onuragarriak dira ingurumenarentzat, Bizkaiarentzat eta planeta osoarentzat eta, gainera, familien aurrekontuak hobetzen dituzte. Etxeko gastuetan % 10erainoko aurrezpena lor daiteke, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain.

NOLA PARTE HARTU?   

Doakoa da eta programako eskuliburu eta galdera-sortei esker etxeko gastuetan dirua aurreztea lortuko dute, kontsumo-ohiturak aldatuz. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak bere bilakaera aztertu ahalko du.

Parte hartu nahi duten etxebizitzek hurrengo estekara jo dezakete:  http://www.bizkaia21.net/interior.asp?idpagina=170&idioma=eu, bere udalerria aukeratu edo bestela , www.bizkaia21.net, web gunean Aktibatu+ atala sakatuz.

Gainera, programa burutzen duten pertsonek  sari ederrak irabazteko aukera izango dute: Ipad bat, Orbea bizikleta, egonaldia landetxean, liburu sortak, bisita gidatu bereziak …

NOLA FUNTZIONATZEN DU?

Aktibatu + programa lau arlo nagusiz osatuta dago: ura, energia, erosketa-hondakinak eta mugikortasuna. Gai bakoitza hiru astez lantzen da, era praktiko eta erraz batean. Beraz, programak hiru hilabete irauten du, izena ematen den egunetik aurrera.