Atxabiribil etorbideak bidegorria eta espaloi zabalagoak izango ditu

Sopelako Udalak Atxabiribil etorbideko erabilerak berrantolatuko ditu hurrengo hilabeteetan. Itsasalde kaleko biribilgunetik (kanping-era doana) Atxabiribil hondartzara eta Sopelmar auzora doan errepidean izango dira hobekuntzak.

Proiektuaren helburua garraio jasangarria bultzatzea da. Modu honetan, Sopelmarrera edo hondartzara bizikletaz, oinez, autoz edo autobusez joateko aukera egongo da segurtasun osoz.

Gainera, oinezkoek leku gehiago izango dute etorbidetik ibiltzeko, autoaren abiadura gutxitzeko neurriak hartuko dira, eta kaleko azpiegiturak hobetuko dira (argiztapena, ur-horniketa, eta abar).

Zehazki, lanak honakoak izango dira:

-       Errepidearen eskuineko aldean (hondartzara jaisten), bidegorri bat sortuko da, norabide bietan (jaisteko eta igotzeko). Gaur egun dagoen bazterbidea kenduko da, eta errepidea eta bidegorria banatu eta babesteko 40 zentimetroko erdibitzailea jarriko da.

-       Errepidearen eskuineko aldean gaur egun dagoen espaloia mantendu eta zabalago bihurtuko da (kasu batzuetan 2,30 metroraino).

-       Errepidean 30 km/o abiadura hartu ahal izango da, eta autoek 5 eta 5,50 metro arteko errepidea izango dute.

Puntu batzuetan errepidea estutu egingo da, eta modu honetan autoek euren abiadura jaitsi beharko dute. Gainera, bertan bizi diren auzokideek espazio handiagoa izango dute euren autoa ateratzeko segurtasun osoz.

Horrez gain, eta lan hauek aprobetxatuz, kalearen azpiegituretan hainbat hobekuntza egingo dira: argiteria aldatu, saneamendua berriztu, energĂ­a elektrikoaren sarea lurperatu e.a. Markesina ere lekuz aldatuko da.

Lanen aurrekontua 520.000 eurokoa izango da, BEZ barne.

Sopelmarreko auzokideek azken urteetan hainbatetan eskatu dute auzora heltzeko bidegorri bat eraikitzea eta aipatu etorbidean gehienezko abiadura 20 edo 30 km/o-koa izatea. Iazko uztailean sinadura-bilketa aurkeztu zuten udaletxean, eta Udalak antolatutako bileretan eskatutako lana da.