BI-634 foru-errepide gaineko oinezkoentzako pasabidea, zabalik

Sopelak inaugurazioekin jarraitzen du. Azken hiru hilabetetan Udalak Iberreko igogailua martxan jarri du, Urko padura ekologikoki berreskuratu du eta udal igerilekuen aurrean padel pistak eraiki ditu. Oraingoan, BI-634 foru errepide gaineko oinezkoentzako pasabidea zabaldu du.

Azken hilabeteetan obretan egon ostean (lanak 2013. urteko ekainean hasi ziren), gaur, apirilak 14, zabaldu da oinezkoentzako pasabidea, BI-634 eta BI-2122 foru errepideen eta Loroño kalearen artean.

Pasabide honen bidez, Sopelako herrigunea hondartzekin eta Bareño bezalako etorkizuneko auzo berriekin lotuko da. Modu honetan, pasabidearen helburua oinezkoek aipatu foru-errepidea errepidetik gurutzatzea saihestea da, oinezko eta txirrindularientzat arriskutsua delako.

Pasabideak 141 metroko luzera du, eta bere zabalera 4,50 metrokoa da. Horrela, oinezkoek eta txirrindulariek pasabidea erabili ahal izango dute. Pasabidearen norabidea ez da zuzena, bihurgunetsua da, erabiltzaileek bidea ikusteko erreztasunak izan ditzaten.

Pasabidearen egitura, bai ohola eta baita zutabeak ere, korrosioari eusten dioten altzairuz eginda daude. Modu honetan, mantenimenduaren kostuak gutxituko dira, ez delako beharrezkoa behin eta berriz margoztea. Zutabeek eskultura forma dute, eta ibilbidearen arabera alde batera edo bestera tolesten dira.

Hurrengo asteetan pasabidearen argiteria jarriko da, eta biribilgunean eta errepidean segurtasun hesiak jarriko dira, autoek zutabeen kontra kolperik izan ez dezaten.

Oinezkoentzako pasabide hau aurreko udal gobernuek bultzatu zuten aurreko legegintzaldietan. 2009. urteko abuztuaren 27an Sopelako Udalak proiektuaren erredakziorako lehiaketaren eskaintza egin zuen, eta urte bereko azaroaren 13an proiektua Estudio de Ingeniería Dynamis enpresari esleitu zion.

Gaur egungo udal gobernuak lanak Exvasa enpresari esleitu zizkion 2012. urtean, 524.684 euroren truke (hasiera batean 600.000 eurotara heltzea aurreikusten zen), baina oraindik orain ez da behin-betiko likidazioa egin.

Sopelako Udal Gobernuak proiektu honen balorazio integrala egin gura du. Alde batetik, herrigunearen eta garapen bidean dauden auzoen eta hondartzen arteko pertsonen joan-etorriari konponbide bat ematea beharrezkoa zen, BI-634 errepideak trafiko handia duelako eta herritarrentzat arriskutsua zelako errepide hori gurutzatzea.

Haatik, hartutako erabakiak inguru horretan eragin bisual handia sortu du, eta Asu eta Bareño sektoreen urbanizatzearekin batera, inguru natural hori eraldatu eta desnaturalizatu egin da.

Sopelako Udal Gobernuaren arabera, mota honetako proiektuak herritarren parte-hartzea bultzatuz gauzatu beharko liratezke, eta bestelako hirigintza mota bat bultzatu beharko litzateke, dentsitate baxuko etxebizitza-ereduak eta herrigunetik urrun dauden urbanizazioak sustatu barik.