Sopela eta Leioako EHUko campusa lotzen duen autobus-linea berria, martxan

Martxoaren 9an Sopelako eta Uribe Kostako gainontzeko herritarrek Leioako EHUko campusera autobusez joateko aukera izango dute, trasbordorik egin gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak A2166 linea berria sortu du, Plentzia, Gorliz, Urduliz, Sopela eta Berango Leioako campusagaz lotuz. Sopelan geldialdi bi egingo ditu: Urbaso tabernaren aurrean, eta Larrabasterrako Urgitxieta plazan.

Eskola-egunetan, Plentziatik honako orduetan irtengo dira: 07:00-08:00-09:00-10:00-13:00-14:00. Berriz, bueltan, honako ordutegian irtengo dira campusetik: 12:10-13:10-14:10-15:10-17:10-18:10-19:10.

Orain arte, sopeloztarrek garraio publikoan unibertsitatera joateko, lehenik eta behin metroa hartu behar izan dute Getxo eta Leioaraino, bertan autobusa hartuz. Horren ondorioz, kasu batzuetan bidaiak ordubete baino gehiagoko iraupena zuen.

Hori dela eta, ikasle mugimenduak hainbatetan eskatu izan dio Bizkaiko Foru Aldundiari Uribe Kostan autobus-zerbitzu bat martxan jar zezala, eskaera handia zegoelako. 2012. urtean ere, Sopelako Udalak eskaera hori egin zion Aldundiari, baina foru-erakundeak ez zuen eskaera aintzat hartu.

Azkenean Bizkaibuseko langileek egindako grebaren eraginez sortu da linea berria.

Ordutegiak ikusteko, EGIZU KLIK HEMEN.