Herriko erdigunearen mugikortasuna hobetzeko proposamenen erakusketa partehartzailea

Irailaren 19tik urriaren 3ra arte Sopelako udal igerilekuen sarreran erakusketa partehartzaile bat egongo da ikusgai, herritarrek Sopelako erdigunean mugikortasuna hobetzeko proposamen ezberdinen inguruan euren iritzia eman dezaten.

Erakusketa hau maiatzean hasitako “Sopela, pertsonen gunea” prozesu partehartzailearen baitan kokatzen da. Honen helburua herriko erdigunean mugikortasuna hobetzea da, herritarrek ekarpenetatik abiatuz.

Esan bezala, proiektuaren helburua Sopelako herritarren bizitza-kalitatea hobetzea da, erdigunean mugikortasuna hobetuz. Proiektuaren oinarria mugikortasun jasangarria izan da, pertsonei egokitutako hirigintza kontuan hartuz. Hau da, hiri-mugikortasunean ohiko lehentasunak irauli dira, pertsonei lehentasun osoa emanez: pertsonen egunerokotasuna, zaintza lanak, oinez eta bizikletaz burutzen diren desplazamenduak e.a.

Prozesua maiatzaren 22an hasi zen, udaletxean ospatutako tailer ireki baten bidez. Horren ostean bilera sektorialak egin dira herriko hainbat eragile edo talde soziologikorekin: eskoletako ikasleak (Zipiriñe, Iberre eta Ander Deuna), dendari txikiak, herriko elkarteak, emakumeak eta nagusiak. Tailer bakoitzean herritarrek herriko mugikortasuna aztertu dute eta hausnarketa kolektibo bat egin dute, ekarpenen bidez.

Auzokideen iritzia jaso ostean, Udalak kontratatutako HiriDunak taldeko teknikariek herriko erdigunean mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat proposamen egin dituzte. Proposamen horiek udal igerilekuen sarreran egongo dira ikusgai, irailaren 19tik urriaren 3ra arte. Erakusketa horietan teknikariak izango dira, herritarren zalantzak argitzeko eta proposamenak azaltzeko.

Herritarrek, beraz, berriro ere euren iritzia emateko aukera izango dute, eta behin ekarpen guztiak jaso ostean, behin-betiko proiektua sortuko da. Sopelako Udalak auzokideak animatu gura ditu erakusketan parte hartzera.

Orain arte burututako prozesuaren bideoa:

 https://www.youtube.com/watch?v=ZlESzd4MJng