Larrabasterrako foru errepideetan segurtasun neurriak hartzeko ahaleginetan jarraitzen du Udalak

Larrabasterrako foru-errepideetan lau pasabide goratu ezartzeko baimena ukatu dio Bizkaiko Foru Aldundiak Sopelako Udalari. Udalak alegazioak aurkeztu ditu.

2013. urteko abuzturen 28an Sopelako Udalak honakoa eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiko Herri-Lan eta Garraiobide Sailari: Larrabasterra zeharkatzen duten foru-errepide bitan lau pasabide goratu eraikitzeko baimena ematea: BI-3124 errepidean eta BI-634 errepidean (kasu honetan hiru pasabide goratu).

Urriaren 2an Sopelako udaletxera Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako idatzi bat heldu zen, eta bertan Aldundiak egindako eskaerari uko egiten zion.

Sopelako Udalak alegazioak aurkeztu dizkio Aldundiak hartutako erabakiari. Tokiko erakundearen arabera, ezinbestekoa da “ahalik eta lasterren errepide horietan ibilgailu eta oinezkoen irisgarritasuna, segurtasuna eta mugikortasuna bermatuko dituzten neurriak hartzea”. Udalak azpimarratzen duen legez, prest agertu da lan horiek egin eta ordaintzeko, errepideen titulartasuna Foru Aldundiarena den arren.

Sopelako Udalak Foru Aldundiari behin eta berriz jakinarazi dion bezala, aipatu foru-errepideetan oinezkoek arrisku handia izaten dute errepidea gurutzatzeko orduan. Azken urtean hainbat gertaera jazo dira, larrienak:

-       BI-634 errepidean gizon bat hil zen auto batek harrapatu ostean, 2012. urteko irailaren 19an.

-       BI-3124 errepidean gazte bat harrapatu zuen auto batek, eta larri zauritu zuen, urte bereko urriaren 11n.

Udalak ia bi urtez eskatu dio Foru Aldundiari autoen abiadura mugatzeko neurriak har ditzaten, edo bestela, Udalari behintzat baimena ematea aipatu neurriak Udalak hartzeko.

Gainera, auzokide ugarik idatzi bat sinatu zuten eta Aldundiari bidali zioten, Karmen Elizaren aurrean dagoen zebrabidearen arriskuaz ohartaraziz (bertan izan harrpaketak jazo dira).

Hori dela eta, Udalak pasabide goratuak ezartzeko baimena eskatu du, autoek abiadura gutxitzera behartzeko.

Horregatik guztiagatik, Sopelako Udalak aipatutako alegazioak aurkeztu ditu eta Foru Aldundiari lanak egiteko baimena ematea eskatzen dio. Eskatutakoa ez onartzekotan, Udalak zer nolako neurriak har daitezkeen zehazteko eskatzen dio, helburua beti ere auzokideen segurtasuna eta mugikortasuna bermatzea izanda.

Gai hau, besteak beste, gaur landuko da Larrabasterrako Iberre Institutuan ospatuko den auzo-bileran, 19:00etan, aurrekontu partehartzaileen baitan.