Zein argi mota nahiago duzu? Eman zure iritzia!

Auzokideek Sopelan zer nolako argiak nahi dituzten aukeratu ahal izango dute, mota ezberdinak konparatuz eta inkesta baten bidez euren iritzia emanez

Sopelako Udalak herriko hainbat argi aldatzeko prozesua abiatu du, argiztapena eraginkorragoa eta iraunkorragoa bihurtzeko asmoz.

Lehen fase honetan, herriko erdiguneko argiak aldatuko dira, gutxiago kontsumitzen duten beste argi batzuengatik. Gainera, aurrezte ekonomiko garrantzitsua izango da, eta berotegi-efektua sortzen duten gasak gutxituko dira. Argien aldaketa hau Euskadiko Energiaren Erakundeak (EEE) eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu dute, %75ean.

Argiteria hobetzeko proiektu hau, “Alkateen itunerantz zuzenduz ekimena”ren baitan dago. Sopelako Udalak eta EEEk izenpetu duten ekimen honen bitartez, 2020. urterarteko planifikazio estrategikoa egiteko eta urtero eraginkortasun energetikoa sustatzen duen ekintza bat egiteko konpromisoa hartu da.

Argiak aukeratzeko ere, herritarren parte-hartzea

Beraz, udalerriko argi asko aldatuko dira beste argi mota batzuengatik: estetikoki ezberdinak izango dira, eta baita sortzen duten argia ere ezberdina izango da.

Argi mota ezberdinak daudenez, Sopelako Udalak sei argi mota ezberdin jarri ditu udaletxe atzean, Ripa eta Zalbidene kaleen artean. Auzokideek gehien gustoko duten argia aukeratu ahal izango dute.

Esan bezala, sei argi mota ezberdin jarri dira; estetikoki ezberdinak diren hiru mota jarri dira, eta mota horietako bakoitzak sortzen duen argia ere ezberdina da, hiruk LED argia sortuko dute eta beste hirurek Sodio Lurruna. Argi bakoitzaren azpian auzokideek argi horren ezaugarriak irakurri ahal izango dituzte: potentzia, iraunkortasuna, prezioa e.a.

Auzokideek gehien gustoko duten argia hautatu ahal izango dute, honako komertzioetan dagoen inkesta betez: General Optica, 4bide pinturak, Pasteleria Uyarra eta Lurren Taberna. Gehien gustatzen zaien argiari 6 puntu eman beharko dizkiote, eta gutxienari puntu bat. Bozkatzeko epea uztailaren 16an amaituko da, martitzena.