Larrabasterran segurtasun neurriak jartzeko eskaera

Sopelako Udalak baimena eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari oinezkoen lau igarobide goratu titulartasun forala duten BI-634 eta BI-3124 errepideetan jartzeko, bertako auzokideen irisgarritasuna, segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko asmoz.

Sopelako alkateak, Saioa Villanuevak, eskutitz bat bidali zion ekainaren 3an Mikel Iriondori, Bizkaiko Foru Aldundiko Bide-azpiegituren zuzendari orokorrari. Bertan, aipatu baimenak eskatu dizkio alkateak, “udalerri honetan gaur egun ditugun bide-azpiegituren problematika dela medio, eta kontuan hartuta azpiegitura horiek oso garrantzitsuak direla”.

Izan ere, azken urteetan hainbat istripu jazo dira Larrrabasterra igarotzen duen errepide honetan. Hori dela eta, Sopelako Udaleko maiatzeko ohiko udalbatzak aurrekontu moldaketa bat onartu zuen, lau igarobide horiek eraikitzeko 12.100 euroko diru-saila bideratuz, BEZ barne. Udalak gastu horren ardura hartuko luke.

Igarobideak honakoak izango liratezke:

BI-634 foru‑errepideari dagokionez

Oinezkoen igarobide goratua jartzea Sopelako Larrabasterra auzoko Loiola Ander Deuna 71ren parean.

Oinezkoen igarobide goratua jartzea Sopelako Larrabasterra auzoko Loiola Ander Deuna 42ren parean.

Oinezkoen igarobide goratua jartzea Sopelako Larrabasterra auzoko Loiola Ander Deuna 28ren parean.

BI-3124 foru‑errepideari dagokionez

Oinezkoen igarobide goratua jartzea Sopelako Argaluza auzoko Gatzarriñe 41en parean, PK 20.116an.