Bidegorria handitzeko lanak hasiko dira

Sopelako Udalak, aste honetan abiaraziko ditu Sopelako erdialdea Ander Deuna ikastolarekin lotuko duen bidegorria luzatzeko lanak, sopeloztarren aspaldiko eskaerari erantzunez. Bizikleta-Bide-Espaloi berriak Moreaga eta Gure Toki arteko egungo bizikleta ibilbidea Ander Deuna ikastolarekin lotuko du, era seguruan, ondo seinaleztatua eta erraz identifikatzeko moduan herritarrentzat, bereziki eskola-umeentzat, eta udalerriko bisitarientzat.    

Lanek hiru hilabetetako iraupena izango dute gutxi gorabehera, 277.975,59 euroko inbertsioa (B.E.Z. barne) ekarriko dute eta berauei esker egungo espaloiaren barruko aldean (lotuneko sektoreak izan ezik) bizikleten erabilerarako banda bat sortuko da. Hau da, oinezkoen ibilbidearen aldamenean, lurra hondeatuz azalera berri bat sortuko da. Bizikleta-bideak hiru metroko zabalera izango du; espaloiarena, ez da aldatuko, eta 1,90 eta 2 metro artekoa da. Bidegorriak 600 metroko luzera izango du, eta Enrique Urrutikoetxea eta Gatzarriñe kaleen arteko bidegurutzean hasiko da, Olabideko bidegorriari jarraipena emanez. 

Lanak, Gontzal Hermosilla Sopelako alkatearen esanetan “udalerriko bizikleta-planaren garapenean aurrerapauso bat gehiago dira”. Eta “neurri honekin bizikletaz ikastolara joaten diren ikasle eta irakasleen segurtasuna hobetu eta bermatu nahi dugu. Izan ere, badirudi bidegorri berri honek ikastetxeak egunero jasotzen duen ibilgailu kopurua nabarmenki murriztuko duela” gaineratu du.