Apirilaren 29an aurkeztuko da Urdulizko Ospitaleko sarbideen inguruko txostena

Apirilaren 29an, asteazkena, Urdulizko Ospitaleko sarbideen inguruko azterketa aurkeztuko du Sopelako Udalak. Hitzordua 19:00etan izango da Kurtzio Kultur Etxean, eta auzo-bilera guztiz irekia izango da; herritarrek bertara joan eta parte hartzeko aukera izango dute. Bileran udal ordezkariak eta Udalak kontratatutako Urak Bide enpresako teknikariak egongo dira. Enpresa hori arduratu da sarbide ezberdinak eta mugikortasuna orohar aztertzeaz, Udalaren aginduz.

Apirilaren 29ko bilera Udalak gai honekin antolatzen duen hirugarren auzo-bilera izango da. Lehenengo biak 2014. urtean antolatu ziren. Urte hasieran Udalak bilera bat antolatu zuen auzokideei Udalak zituen datuak helarazteko. Urte bereko ekainean, Urak Bide enpresak egindako azterketaren zirriborroa aurkeztu zitzaien herritarrei. Bilera bietan bai Udalak eta baita auzokideek ere (batik bat Larrabasterra eta Olabide kaleetakoak) euren kezka agertu zuten Ospitaleak sor dezakeen trafikoagatik.

Gainontzeko erakundeen aurreikuspen eta borondate faltaren aurrean, Udalak Urak Bide enpresa kontratatzea erabaki zuen Urdulizko Ospitalera heltzeko sarbideak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko asmoz. 

Informatu eta parte hartu!

AZTERKETAREN ZIRRIBORROA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN