Udal langileen ordutegia kontrolatzeko sistema abian jarri du Udalak

Abiatu da jada Sopelako udal langileentzako ordutegi-kontrola. Martxan jarri da udal zerbitzu eta departamendu guztietan: udaletxean, Sopelarinen (Larrabasterra), Udaltzaingoa, Udal Euskaltegia, Kurtzio Kultur Etxea, Liburutegia e.a. Sistema hatz-markaren xehetasunaren kodean oinarritzen da, hots, langileek euren atzamarra jarri beharko dute eraikinera heltzerakoan, atsedena hartzerakoan eta alde egiterakoan.

Sopelako Udalak aipatu erabakia hartu du zerbitzu publikoarekiko erantzukizunez eta konpromisoz jokatu nahi duelako, erakunde eta langile publiko legez. Ordutegi kontrola zerbitzu publikoa hobetzeko erreferentzia garrantzitsua da, guztiz nahikoa ez den arren.

Sistema hau martxan jarri da Udaleko Negoziaketa Mahai Orokorrean Udaleko langileen lan-baldintzen inguruan akordioa lortu ostean.

Berriztatzeak udaltzaingoaren egoitzan eta autoetan

Sopelako Udalak hainbat lan burutu ditu azken asteetan udaltzaingoaren egoitzan, udaltzainen eta herritarren segurtasuna areagotzeko asmoz. Harrera lekuan, esaterako, mampara bat ezarri da.

Gainera, kanpoko kamerak berriztu eta berri bat jartzeaz gain, egoitzaren barrualdean ere kamerak jarri dira (harrera-lekuan eta beste gela batzuetan). Horretaz gain, udaltzainen autoak ere berriztu egin dira.