Sopelako Udala - Enplegurako eta Ekintzailetzarako Laguntza Zerbitzuak 500 pertsona baino gehiago artatu ditu dagoeneko

Enplegurako eta Ekintzailetzarako Laguntza Zerbitzuak 500 pertsona baino gehiago artatu ditu dagoeneko


2018ko otsailean lehen urratsak eman zituenetik, Sopelako Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailak kudeatzen duen Enplegurako eta Ekintzailetzarako Laguntza Zerbitzuak 500 erabiltzaile baino gehiago artatu ditu jada.

Zerbitzu honek laguntza pertsonalizatua eta espezifikoa ematen du enplegua bilatzeko eta lana hobetzeko, ekintzaileei eta enpresei laguntza eta aholkularitza emateko eta prestakuntza espezifikoa diseinatzeko.

“Programak lan-orientazioko zerbitzu pertsonalizatua du eta erabiltzaileei laguntza ematen zaie laneratzeko ibilbide bat definitzeko, haien lanbide-profilak, gaitasunak eta prestakuntza lan-merkatuaren beharretara egokitu ahal izateko”, nabarmendu du Teresa Fernández Enplegu eta Ekonomia Sustapen Saileko zinegotziak.

Beste zerbitzu bat negozio-ideia bat duten ekintzaileei eta dagoeneko eratuta dauden enpresei euskarria ematea da. Zinegotzi sozialistak azpimarratu duenez, “beharrezko izapideei, dauden laguntzei eta ekintzailetzarako baliagarriak diren kudeaketa-eredu eraginkorrei buruzko aholkularitza integrala eskaintzen da”.

Sailak, gainera, senior SECOT elkarteak eskaintzen duen mentorizazio-zerbitzua ere badu.

Asteroko informazioa

Sailetik azpimarratzen dutenez, Laguntza Zerbitzuak astean behin informazio baliagarria bidaliz osatzen du bere lana, besteak beste, “Lanbidek kudeatzen dituen lan-eskaintzekin, udalaren nahiz beste erakunde batzuen diru-laguntzekin eta prestakuntza, ikastaro eta tailer ezberdinen inguruko informazioarekin”.

Erabiltzaileen profila

Enplegurako eta Ekintzailetzarako Laguntza Zerbitzua erabili duten pertsonen profilari dagokionez, % 55,16 emakumeak dira eta % 44,84 gizonak. Zerbitzu hau gehien eskatu duen tartea enplegu-bilaketa aktiboan dauden 45 urtetik gorako pertsonena da. Langabetuak % 67,26 dira eta ekintzaileak, berriz, % 32,74.

Asko dira pertsonek zerbitzu honen bidez bideratzen dituzten gai eta eskaerak, askotan lan edo lanbide eremutik haratago doazenak: “Erakunde eskudunei deribatzen zaizkien beharrizan, sostengu eta babes sozialeko egoerekin zerikusia dute, bai Udalarenak, Pertsona Migratuei Laguntzeko Udal Zerbitzua esaterako, bai, eskualdekoak, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez, edo Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren bidez ematen diren probintzietako zerbitzuak”, azpimarratu du zinegotziak.

“Laburbilduz, zerbitzu honen helburua laguntza behar duten pertsonei arreta zuzen bat ematea da, arazoa edozein dela ere, eta ikuspegi horretatik, herritar guztien alde lan egiten dugu”, nabarmentzen du azkenik.