Uribe Kostako zerbitzuen mankomunitateak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak hitzarmena berritu dute eskualdean gizarte-zerbitzuak indartzeko
- Azken eguneraketa: 2022eko otsailaren 01a
- Bisitak: 1838
- 2022ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den akordioak Uribe Kostan adinekoei, umeei, gazteei eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze-programak garatzeko alderdi bien konpromisoa jasotzen du. Era berean, herritarren prestakuntza eta parte-hartzea sustatuko da boluntariotzaren bitartez.
- Mankomunitateak 30.000 euroraino igoko du Bizkaiko erakundeari emango dion zenbatekoa, laguntza gehien behar duten kolektiboei laguntza ematen jarraitu ahal izateko, eskualdeko administrazioaren gizarte-zerbitzuak osatuz.
Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, eta, horren bidez, eskualdeko entitateak 30.000 euro emango dizkio erakundeari, urteko lankidetza-hitzarmenean oinarrituta, gehien behar duten eskualdeko kolektiboei laguntza ematen jarraitzeko. Akordioak bi alderdiek adinekoei, umeei, gazteei eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze- programak abian jartzeko duten konpromisoa jasotzen du. Era berean, komunitatearen prestakuntza eta parte-hartzea sustatuko dira boluntariotzaren bitartez.
Hitzarmena gaur bertan sartu da indarrean eta 2022ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Josu Landaluze Mankomunitateko presidentea, Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea eta Mari Luz Palacio Bizkaiko Gurutze Gorriko harreman instituzionaletako presidenteordea izan dira sinadura ekitaldiko protagonistak.
Landaluzek Bizkaiko 6.000 boluntariok baino gehiagok egiten duten lan handia nabarmendu du, gizarte solidarioagoa, mundu hobeagoa eraikitzeko lana. Mankomunitateko presidenteak Bizkaiko Gurutze Gorriko ordezkariei bere prestasuna, konpromisoa eta laguntza adierazi die interes sozialeko edozein ekimen martxan jartzeko, bereziki kolektibo zaurgarrienei zuzendutakoak. "Lankidetza-esparru honek behar besteko sendotasuna ematen digu Uribe Kostan ditugun gizarte-zerbitzuak indartu eta osatzeko", nabarmendu du Landaluzek. Era berean, azpimarratu du aurtengo akordioa 20.000 eurotik 30.000 eurora pasatuko dela,
Mankomunitateak bere gain hartuko baititu orain arte Sopelako Udalak ordaintzen zituen lokalaren alokairuko 10.000 euroak.
Bestalde, Victor Gutierrezek eskerrak eman dizkio eskualdeko erakundeko presidenteari aurten ere akordio hau berritzeko egindako ahaleginagatik. Izan ere, akordio honen bidez, jarduera ugari bultzatzen dira elkarrekin. Zehazki, Bizkaiko Gurutze Gorriak Esku-Hartze Sozialeko Plana garatzen du Uribe Kostako eskualdean. Plan honen helburua gizarte-bazterkeriaren fenomenoaren dimentsio guztiei ikuspegi integral batetik heltzea da, gizarteratzeko esparru- estrategia baten bidez. “Arrazoi desberdinengatik zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten dugu, hala nola, adinekoekin, ume eta gazteekin, emakumeekin, gaixorik dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonekin, errefuxiatuekin, etorkinekin... Gure lana haien zaurgarritasuna murrizteko gaitasunak indartzea da, eta, horrela, gizartean integratzen laguntzea”, adierazi du Gutierrezek.
Zehazki, Uribe Kostan kolektibo kalteberei arreta emateko programa bat garatzen da, proiektu desberdinen bidez egituratzen dena:
1. Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko proiektua: egoera eta kolektibo desberdinei arin erantzuteko proiektua. Hauek dira aurreikusten diren laguntzak:
• “Energia-pobrezia”rekin lotutako hornidurak ordaintzeko laguntza.
• Umeentzako produktuen kanpaina puntualak: eskolako materiala, gosariak eta askariak eta jostailuak.
2. Eskola-arrakasta sustatzea: kalteberatasun-egoeran dauden familietako umeei hezkuntza-laguntza emateko proiektua. Hainbat jarduera egiten dira, astean bi egunetan, gizarte-zailtasuna duten umeen trebetasun teorikoak, pertsonalak eta sozialak eskuratzeko:
• Hezkuntza-errefortzua eta laguntza zereginak egitean.
• Askariak eta sentsibilizazioa elikaduran.
• Eskolako materialaren eta jostailuen unean uneko entregak.
• Familiei zuzendutako orientazio, informazio eta laguntza jarduerak.
3. Zahartze aktiboa:
• Eskulan tailerrak, gorputz heziketa eta jarduera gehiago eskaintzen dira. Gainera, kolektiboarentzat interesgarriak diren ikastaroak eta hitzaldiak antolatzen dira, irteerak eta elkarte-bizitzan parte hartzeko beste aukera batzuk.
• Laguntza teknikoak maileguan hartzeko sistema bat kudeatzen da, gurpil-aulkiak, ohe artikulatuak, taka-takak, makuluak… alokatzeko zerbitzua, prezio sinbolikoan.
4. Boluntariotza: Gurutze Gorria boluntarioak erakartzeko lanean ari da, adinekoen jarduera aktiboa sustatzeko eta haien parte-hartze soziala motibatzeko, haien gaitasuna eta esperientzia baloratuz eta gizartean eragile gisa kokatuz.