Jaietan ere, ez dugu eraso sexistarik onartuko!

Sopelako jaiak heltzear dira, eta beste behin ere, emakumeenganako indarkeriaren inguruko kontzientziazioa egin gura dugu, jaien testuinguruan. Argi utzi nahi dugu emakumeok jaiak askatasunez gozatzeko eskubidea dugula, inolako eraso sexistarik pairatu barik.

Arazo honen sustraia botere-harreman desorekatuan dago, gure jendartean oraindik orain gizonak eta emakumeak ezberdin hartzen direlako. Emakumeok bigarren mailako pertsonak izaten jarraitzen dugu: zilegi da gure kontra biolentzia erabiltzea, gure askatasun sexuala besteon nahien azpitik ei dagoelako. 

 

Urtez urte ikusten dugunez, jaiegunetan, eta batez ere gazteei dagokionez, "intentsitate baxuko" erasoak egoten dira: berben bidez egiten direnak, ukipenak, emakumeok gura ez dugun "toketeoak" e.a. Askotan, emakume gazteek aurre egiten diete horrelako erasoei, eta euren erantzuna zalantzan jartzen da. Aipatu erasoak gutxietsi egiten dira, eta horrek kalte handia sortzen du biktimarengan. 

 

Behar beharrezkoa da jendarteak esfortzu handiagoa egitea mota honetako eraso sexistak guztiz jendartetik kanpo uzteko, adibidez jaietan. Inork ez dezala mota honetako erasorik onartu, eta lekukoa izatekotan salatu behar dugu, eraso fisikoa edo berben bidez izan.

 

Emakumeok jaietan lasaitasunez urteteko eskubidea izan behar dugu, eta nahi dugun bezala gozatzera, mehatxatuak, baldintzatuak, kritikatuak eta are gutxiago erasotuak izan barik. Eta jende guztiak jakin dezala: EZETZ esaten dugunean, EZETZ dela!