Sopelako Udala redALDEra gehitu den lehenengo udala izan da instituzio kolaboratzaile gisa

Sopela eta Bizkaiko emakumeen artean aukerak sortzeko helburuarekin, Sopelako Udala eta redAlde plataforma (euren garapen profesionala bilatzen duten emakume ekintzaileentzako edota emakume ekintzaileak izan nahi direnentzako Aktibazio sare sozio-laborala) maiatzean bildu ziren sarearen atxikimendua gauzatzeko. Izan ere, Sopelako Udala redALDEra gehitu den lehenengo udala izan da instituzio kolaboratzaile gisa.

Bilera honi esker “Sopela eta Bizkaiko emakumeen artean eta haien aldeko aukerak sortzen” izeneko emakume sopeloztarren topaketa sortu zen, hain zuzen ere. Maiatzaren 18an ospatutako jardunaldiari Gontzal Hermosilla alkateak eta Teresa Fernández Enplegu eta Ekonomia Sustapen zinegotziak eman zioten hasiera, Naiara Ibarzabal Gizarte ekintza eta Berdintasun zinegotziarekin eta Estibaliz Anitua Mankomunitateko Berdintasun teknikariarekin batera. Ekitaldian egoera desberdinetan dauden 20 emakume sopeloztarrek hartu zuten parte: langabezian, ekintzailetzara bideratutakoak, lanean daudenak baina lankidetzara bideratutakoak, eta abar.

Lehenik eta behin, redALDE ezagutzera eman zen, ondoren lan dinamika bat garatu zen (work café), non parte-hartzaileek beraien interesak, itxaropenak, oztopoak eta erronkak ezagutarazi zituzten. Azkenik, emakumeek erabiltzaile aktibo moduan izena eman zuten plataforman.

Jardunaldiak ekarpen anitzak jasotzeko balio izan zuen, beste batzuen artean. Ekarpen horiek, redALDEko web orrialdean daude eskuragai eta Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailari baliogarri izango zaizkio Sopelako emakumeen ahalduntzean oinarritutako mota desberdinetako politikak diseinatzeko orduan.

Jarraian, Gatza aldizkariak horren inguruan idatzitako erreportajea: http://www.sopelaudala.org/index.php/es/documentos/cat_view/6-orokorra-general