Euskararen Erabilera Plana onartu du Udalak 2013-2017 epealdirako

Sopelako Udalak 2013-2017 eperako Euskararen Erabilera Plana onartu berri du. Aipatu planak Udalean euskararen erabilera bultzatzea du helburu; langileen artean euskararen erabilera handituz, eta erakundearen lan egiteko hizkuntza bihurtuz. Beraz, Planaren helburua Udalaren kanpo eta barne harremanetan euskararen erabilera indartzea da; horrela langileek euskaraz egiteko erreminta gehiago izango dituzte eta herritarrek Udalarekin euskaraz egiteko aukera gehiago izango dituzte.

Emun Kooperatibak egin du Planaren diseinua, Sopelako Udalak hala eskatu ostean. Zerbitzu guztietako langile adierazgarriz eta Mankomunitateko teknikariez osatutako lantalde batek, ordezkaritza sindikala barne izan delarik, egin du egoeraren diagnostikoa, baita hurrengo urteetarako helburuak eta ekintzak proposatu ere. Azkenik, 2013-2014rako lehentasunak ere finkatu ditu.

Plangintza bere osotasunean irakurtzeko HEMEN KLIK EGIN DEZAKEZU.

Hurrengo ikasturterako lehentasunak honakoak izango dira. Alde batetik, hizkuntza ofizialen erabilerarako Udalaren hitzuntz irizpideak finkatu eta, bestetik, arloz-arloko honako hauek ere:

HIZKUNTZA GAITASUNA

-       Hizkuntza eskakizunen egiaztapenak areagotu (derrigortasun-data ezarria izan ala ez izan, dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe duten langileekin bildu, eta aztertu bakoitzarekin euskalduntze-plan pertsonalizatua adosteko aukera: ordu-kreditua, ikastaro.mota...), salbuetsitakoen euskararen ezagutza hobetu, arduradun politikoen euskararen ezagutza hobetu, Hizkuntza Eskakizuna egiaztatua duten langileen euskararen ezagutza hobetu.

AHOZKO KOMUNIKAZIOA

-       Erakundeko ahozko kanpo-harremanetan euskararen erabilera handitu (lehen harremana euskaraz izan dadin protokoloak zehaztu eta horiek betetzeko neurriak hartu, adierazgarriak jarri herritarrei euskararen erabilera-eskubideak ezagutzera emateko e.a.).

-       Erakundeko ahozko barne-harremanetan euskararen erabilera handitu (adierazgarriak landu euskaraz lan egiteko prestatuta dauden langileek elkarren berri izan dezaten eta gainerakoei ezagutzera emateko, langileen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko plan pilotuak martxan jarri e.a.)

IDATZIZKO KOMUNIKAZIOA

-       Erakundearen idatzizko kanpo-harremanetan euskararen erabilera gehitu, sortze lana areagotuz, komunikazioen kalitatea zainduta eta edozein euskarritan.

ITZULPENAK

-       Euskaraz ez dauden idazkien bertsio elebiduna ziurtatu.

-       Sortze eta itzultze prozesuen artean oreka lortu.

-       Euskarazko testuen kalitatea hobetu.

PRESTAKUNTZA OROKORRA

-       Langileen prestakuntza orokorrean euskararen erabilera areagotu (ezagutza egokia duten langileei euskarazko ikastaroak eskaini).

TRESNA ETA APLIKAZIO INFORMATIKOAK

-       Tresna eta aplikazio informatikoetan euskararen erabilera gehitu (programa eta aplikazio informatikoetarako euskarazko bertsioa jarri, prestakuntza eskaini programa eta aplikazio informatikoak euskaraz erabiltzeko, diagnostikoa egin e.a.).

INTERNET ETA INTRANET SAREAK

-       Webguneetan euskararen presentzia bermatu, komunikagarritasuna zainduz.

ARGITALPENAK

-       Argitalpenetan euskararen presentzia gehitu (argitalpenetako hizkera argia, zuzena eta egokia izatea sustatu).

HIZKUNTZA PAISAIA

-       Erakunde barruko hizkuntza-paisaian euskararen presentzia gehitu.

-       Administrazioaren eraginpeko bide-seinale, toponimia eta gainerako noizbehinkako oharretan euskararen erabilera handitu, komunikagarritasuna zainduz.

IRAGARPENAK, PUBLIZITATEA ETA KANPAINAK

-       Iragarpen, publizitate eta kanpainetan euskararen presentzia gehitu komunikagarritasuna zainduz.

DIRULAGUNTZAK

-       Diru-laguntzak esleitzerakoan, hizkuntza-baldintzak betetzen direla bermatu.

KONTRATAZIOAK

-       Kontratazioaren fase guztietan hizkuntza-baldintzak betetzen direla bermatu.