Zu hemen zaude: Hasiera EUSKARA ETA HEZKUNTZA Sopelako Udalak LOMCEren kontra onartutako adierazpena

Sopelako Udalak LOMCEren kontra onartutako adierazpena

Sopelako Udalak Espainiar Gobernuak bultzatutako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetezeko Lege Organikoa errefusatu, eta “geure hezkuntza sistema propioa” eraikitzeko deia egin¡ten du. Hala adostu zuen Sopelako udalbatzak gehiego osoz: 16 boto alde (Bilduren 7 zinegotziak, EAJ-PNVren 7 zinegotziak eta PSE-EEren zinegotzi biak) eta boto bakarra kontra (PPko zinegotzia).

Adostutako testuak honakoa dio:

Euskal herritarrok eta hezkuntza komunitateak aspaldi ekin genion gure herriaren beharrei erantzungo zien geure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari. Guztiok, hezkuntza eta gizarte eragile eta eragile politikook, egindako ahaleginari esker, gure hezkuntza sistema adierazle europarren pare –eta sarritan gainetik– jartzea lortu dugu, kalitate eta ekitate parametroei dagokienez. Oraindik aurrean dugun bidea luzea izan arren, norabide honetan eginiko urratsak eta lortutako emaitzak ikaragarriak izan dira, akordio zabalak lortu direlarik ikaslego, irakaslego eta jendartearen artean. Eredu hau gai izan da:

  • ⁃  Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko.

  • ⁃  Geure eskola curriculum baten baitan.

  • ⁃  Parte hartzean eta autonomian oinarrituta.

  • ⁃  Denontzako eskola eraikitzea ahalbidetzen duen hezkuntza inklusiboan oinarrituta.

    Orain, Espainiar Estatuko Ministroen Kontseiluak onartu berri duen Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren aurrean aurkitzen gara, alegia, Wert ministroak bultzaturiko LOMCE-ren aurrean. Hautsak harrotu ditu hezkuntzaren erreforma berri honek hezkuntza komunitatearen eta oro har euskal herritarren artean. Hautsak harrotu, azken 30 urte pasatxotan 7. hezkuntza erreforma dugulako dagoeneko; hautsak harrotu 40 urteetako atzerapausoa suposatzen duelako hezkuntza esparruan; eta hautsak harrotu, gehien bat, euskal ikasle, irakasle, guraso zein herritarren artean adostasun zabala lortu duten hezkuntza sistema berriaren zutabeen aurkako eraso zuzena suposatzen duelako.

    Wert legea ez da asmatu adostua izateko, inposatua izateko baizik, Alderdi Popularraren gehiengo osoaz baliatuz. Ikasleak oso gaztetatik banatu eta baztertzen dituen legea da eta horrek ondorioak izango ditu gure jendarte ereduan.

    LOMCE-k euskara hirugarren mailako hizkuntza bilakatuko du gaztelania eta ingelesa lehenetsiz; kolokan jarriko du orain arte eskolaren bidezko euskalduntzean egindako lana, euskalduntzen ez duten ereduak indartuz eta euskalduntzen duten ereduei mugak jarritz. Horrekin batera ezinezkoa egingo du ikasle guztiek euskaldunduak izateko duten eskubideen berme izango den hizkuntza marko berri baten ezartzea.

Curriculumari dagokionez, curriculumaren erabateko zentralizazioa ekarriko du, madrilek bere gain hartuko duelarik ardatzezko ikasgaien zein ebaluazio irizpideen gaineko erabateko kontrola; alegia, PP-ren gobernuaren ideologiaren araberako curriculuma ezarriko du; derrigorrezko ikasgai izango dira erlijioa edo ikasgai alternatibo eta hezkuntza publikoa gutxietsiko du. Errebalidek uniformizatu egingo dute gure hezkuntza eta gure ikastetxeak ikasketa-amaierako azterketa hori prestatzeko akademia bihurtuko dira, Euskal Hezkuntza Sistemaren maila nabarmenki jeitsiarasiz eta curriculum propioa eraikitzea oztopatuz.

Parte hartze eta autonomiari dagokionez, hezkuntza administrazioak erabateko kontrola izango du ikastetxeetako erabakiez gain zuzendaria bera ere berak hautatua izango delarik.

Denontzako eskolari dagokionez, argi dago lege honek proposatzen dituen ebaluazio sistema, eskola ibilbide zein finantziazio moduek ikasleen arteko aukera ezberdintasunean oinarrituriko sailkapen goiztiarra ekarriko duela, ikasleei aukeratzea eragoztea oinarri izango delarik; denontzako eskola inklusiboa baino gutxi batzuentzako eskola segregatzailea bultzatuz.

Honek guztiak, herritar ororen hezkuntza eta hizkuntza eskubideen erabateko urraketa suposatuko du, hezkuntzarako aukera berdintasunari jarraiki, bizitza duin eta autonomo bat izateko norbenakoaren garapen integral eta kritikoa bermatu beharrean; gutxi batzuentzat oinarrituriko hezkuntza segregatzaile eta elitista ekarriko duelako. Legearen edukiak aldaketa ideologikoa sakona baieztatzen du, planteamendu kontserbadoreen aldera, eta LOMCE delakoaren bertsio are atzerakoiagoa proposatzen du.

Hau guztia kontuan harturik, Osoko Bilkurak honako hau onartzen du:

AKORDIOA

  • ⁃  Sopelako Udalak errefusatu egiten du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, dagozkigun hezkuntza eskubideen urraketa garbia suposatuko baitu.

  • ⁃  Sopelako Udalak errefusatu egiten du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, birzentralizatzailea delako, baita ikasleen sailkapen goiztiarraren eragilea.

  • ⁃  Sopelako Udalak errefusatu egiten du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, irakasleak eta bekak murrizten dituen sistema ezarri nahi duelako, hezkuntza garikideari exigitu dakizkion ekitate-arauengandik urrunduz.

  • ⁃  Sopelako Udalak errefusatu egiten du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa, hizkuntza adostasunak urratzeagatik, euskera bigarren maila batera zokoratuz, Hezkuntza arloan ditugun eskumenak urratuz eta oztopoak jarriz pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen eta gure komunitatearen hizkuntza beharrei erantzungo dien eredu propio eta publikoa eraikitzeko bidea oztopatuz.

  • ⁃  Egoera honen aurrean, dei egin nahi diegu hezkuntza komunitate zein herritarrei, baita Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari ere, ahots aurrerakoiekin eta jendarteko kolektibo desberdinekin batera, Wert legearekiko desadostasuna adieraz dezaten eta ahaleginak biderkatu ditzaten geure hezkuntza eredu propioa eraikitzeko. 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia