Beharsarea

Euskaraz egiten duten tabernari, dendari, ume zaintzaile eta bestelako lanen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan, eta eskaera horri erantzuteko sortu zen 2011n beharsarea.net Getxon, Getxoko Euskara Zerbitzuak eta Egizu Euskara Elkarteak sustatuta. Urtez urte, gora egin du Getxoko Beharsarea zena osatzen duten udalerri eta mankomunitateen kopuruak: 2012an, 25 udalerri batu ziren; 2013an, 20 udalerri; eta, 2014. urtean, beste 2 udalerri eta mankomunitate bat batu zitzaizkion ekimenari. Guztira, Bizkaiko 68 udalerrik dute erabilgarri Beharsarea.

Beharsarea euskarazko lana bideratzeko Interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraza eta eraginkorra. Erabiltzaileek bi baldintza baino ez dituzte bete behar: lan-baldintza duinak eskaintzea eta lana euskaraz egitea.

Interneteko atari honetan, Beharsarea osatzen duten udalerri eta mankomunitate bakoitzak bere gunea dauka, eta bakoitzaren gunera sartzen garenean, jada argitaratuta dauden iragarkiak ikus ditzakegu edo berriak sortu. Gainera, hasiera-orrialdetik bertatik ere aukera dugu Beharsarea osoan jendea zein lana bilatzeko argitaratu diren azken 7 iragarkiak ikusteko. Aurtengo berrikuntzen artean, aipagarria da webgunearen diseinua aldatu egin dela Beharsarearen irudia eguneratzeko helburuz.

Lanak zazpi kategoriatan sailkatuta egon arren (zaintzaileak, begiraleak, merkataritza, ostalaritza, eskola partikularrak, industria eta bestelakoak), lan-mota guztiak bideratzeko balio du Beharsareak. Ildo horretatik, lan partzialak zein lan profesionalak eskaini eta eska daitezke zerbitzu honen bidez.

Beraz, lana euskaraz egiteko jendea behar baduzu, edota euskalduna bazara eta lana bilatu gura baduzu, bide erraza eta zuzena duzu Interneten: www.beharsarea.net