Zu hemen zaude: Hasiera EUSKARA ETA HEZKUNTZA Helduen Hezkuntzako Ikastetxeen erresoluzioa bertan behera uzteko eskaera egin dio Udalak Jaurlaritzari

Helduen Hezkuntzako Ikastetxeen erresoluzioa bertan behera uzteko eskaera egin dio Udalak Jaurlaritzari

Sopelako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako erresoluzioa bertan behera utz dezala. Erabakia otsailaren 24an ospatutako udalbatzean hartu zen, eta Bilduk aurkeztutako proposizioak koalizio abertzalearen (7) eta PSE-EEren (2) aldeko botoak jaso zituen. EAJ (7) eta PP (1) abstenitu ziren.

Onartutako testuak honakoa dio:

Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikastetxeek, bere izenak adierazten duen bezala, helduei zuzendutako ikasketak eskaintzen dituzte, prestakuntza sustatzeko helburuz. Hori dela-eta, pertsona helduek alor desberdinetan aurkitzen dute euren burua prestatzen eta jardunean jarraitzeko eremuak Sopelakoan bezalako ikastetxeetan.

Haatik, Sopelako HHIko ikasleek osatu duten Uribe Kostako Ikasle Helduak elkartearen bidez ohartarazten duten bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hartu dituen bezalako erabakiek pertsona helduei zuzendutako prestakuntza aukerak mugatzea du helburu.

Pertsona helduen prestakuntza eta gaikuntza sustatzen jarraitu beharrean, Ikastetxeetako Zuzendariak agindu berriak eman ditu oinarrizko hezkuntzako hasierako ikasketetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako agiria lortzeko ikasketetako ebaluazioari buruz. Agindu horien eta aginduak ezartzeko dokumentuen arabera, baztertuak izango dira euren bizitzan zehar irakaskuntza jasotzeko eskubideaz baliatu nahi duten pertsona guztiak, ez baita alternatibarik jaso egun HHIko ikastetxeetan diharduen ikasleentzako.

Agindu berri horien aplikazioaren ondorioz, gutxitu egingo da HHIra prestakuntza jasotzera joateko eskubidea izango duen ikasle kopurua. Eta, ondorioz, ikasle kopurua ere jaitsi egingo da.

Sopelako ikastetxean 230 ikasletik gora ari dira gaur egun, baina  Uribe Kostako Ikasle Helduak azpimarratzen duen bezala, 40 ikasle baino ez dira ari eskola agiria lortzeko. Bese guztiak hainbat arlotan euren gaitasuna handitzeko xedez matrikulatu dira, besteak beste, ingelesa, euskara edo informatika ikasteko.

Arrazoi hauek azalduta, Udalbatzak honako akordio hau onartzen du:

AKORDIOA

1.- Sopelako Udalak zera eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, berehala bazter dezala taldeak eta lanpostuen zerrenda egiteko irizpideak arautzen dituen ebazpena bai eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan hezkuntza programa ez arautuak emateko behar diren baldintzak finkatzen dituen ebazpena ere.

2.- Sopelako Udalak zera eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, ebazpen horren aplikazioaren ondorioz baztertua geratuko litzatekeen ikasleei alternatiba bat eskain diezaiela, Eusko Legebiltzarraren 1/2013 legea, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa betez eta Europa 2020ko helburuekin bat eginez.

3.- Sopelako Udalak zera eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan hezkuntza zerbitzuaren berrantolaketa ados dezala gizarte eta hezkuntza eragileekin eta, horren ondorioz sortzen den antolaketa pedagokioaren ondorioz, ikastetxeen beharrekiko, baita Sopelako ikastetxearekiko ere, egokiagoa den lanpostuen zerrenda berri bat osa dadila.

4.- Sopelako Udalak akordio honen berri emango die, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Sopelako ikastetxeari eta, oro har, herritarrei ohiko bitartekoen bidez (prentsa oharra, webgunea, udal aldizkaria).

UDAL BILKURAN EGONDAKO EZTABAIDAREN ETA BOZKETAREN BIDEOA IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia