Sopelako udala herriko enpresen, autonomoen eta negozioen beharren eta erronken diagnostikoa egiten ari da

 

 

Koronabirusaren pandemiak sortutako osasun alarmaren ondorioz udalerriko sare ekonomikoak dituen beharrak eta arazoak identifikatzeko asmoz, Sopelako Udalak enpresa-prospekziorako programa bat jarri du abian, udalerriko enpresen, autonomoen eta oro har negozioen beharren eta erronken diagnostikoa egiteko, ondorio ekonomikoak gutxitzeko udalak har ditzakeen ekintzak planifikatze aldera.

“Covid-19k espero ez genuen egoera batera eraman gaitu, eta horrek gure osasunari, enpleguari eta, bereziki, gure enpresa eta negozioei eragin die. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da administrazio, saltoki, enpresa eta negozioen arteko lankidetza, guztion artean baliabideak ezarri eta neurriak diseinatu ahal izateko; izan ere, horrela lortuko baitugu krisi-egoera ahalik eta baldintza onenetan gainditzea eta aurrera egitea”, adierazi du Teresa Fernández Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Udaleko talde guztiek azken osoko bilkuran adostutako Udalerriko Ekonomia Suspertzeko eta Gizartea Biziberritzeko Udal Planaren barruan dagoen programak herriko profesional autonomo, ETE, negozio, saltoki eta enpresengana hurbiltzea, eta haiekin harreman- eta interakzio-ekintzak izatea barne hartzen ditu, haien kezkak, zailtasunak, eskaerak eta beharrak zuzenean ezagutzeko. Era berean, udalari jarduera ekonomikoa berreskuratzeko eta ondoren horri eusteko neurriak hartzen lagunduko dioten proposamenak jasoko dira, horrela lehiakortasuna hobetzeko eta sopeloztarren enplegagarritasuna areagotzeko.

Helburu horiek lortzeko, datozen egunetan, Udalak kontratatutako langile espezializatuak harremanetan jarriko dira sektore guztietako enpresa eta negozio sopeloztarrekin, telefonoz edo posta elektronikoaren bidez, programatutako ekintzak garatzen hasteko galdetegi txiki bat egiteko.

Lortutako datuetatik abiatuta, Sopelako enpresa-sektoreekin lan-mahaiak ezartzea aurreikusten da, bildutako datuak balioesteko eta guztien artean hobetzeko proposamenak egiteko, ahots guztiak entzungo diren prozesu parte-hartzaile eta ireki baten esparruan.

Udalak ezinbestekotzat jotzen du udalerriko enpresa eta negozio guztien parte hartzea eta horregatik, dei egiten du ekimenarekin bat egin dezaten, eta laguntza, konpromisoa eta ahalik eta lankidetza handiena eskatzen die. Horretarako, interesa duten negozioak Udalarekin harremanetan jar daitezke 944 065 900 telefonoaren bidez (110 luzapena), edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.  helbide elektronikora idatziz.