Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Sopelako Udalak 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2014. urterako

Sopelako Udalak 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2014. urterako

BILDU, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek akordioa lortu dute 2014. urteko aurrekontua onartzeko.

Inbertsio nagusiak irisgarritasunera, mugikortasun jasangarrira eta lanaren sustapenera bideratuko dira: Gatzarriñe kaleko bidegorria, oinezkoentzako gune berriak, enpleguaren sustapena, HAPN berria, surfaren sustapen ekonomikoa, energia baliabideak eraginkorragoak egitea, liburutegi berriaren proiektua, coworking e.a.              

Sopelako udalbatzak 2014. urterako aurrekontuak onartu zituen atzoko udal bilkuran, abenduak 17. Aurrekontua 12.507.899 eurotara helduko da, hots, 2012. urtean luzatutako aurrekontua baino %4,45 handiagoa (11.975.202 euro), eta inbertsioak 900.000 eurotara helduko dira.

2014. urterako aurrekontuen proposamena aurkeztu ostean, alkatetzak hainbat bilera izan ditu akordioak lortzeko asmoa izan duten oposizioko alderdiekin. Azken asteetan, BILDUko udal gobernuak bilerak egin ditu EAJ eta PSE-EEren ordezkariekin, euren ekarpenak jasoz eta proposamenak zehaztuz. Elkarlanean aritu dira hiru alderdiak, eta azkenik, hiru alderdien esfortzuari esker, 2014. urteko aurrekontua onartzeko adostasuna lortu da.

Akordioan EAJk eta PSE-EEk aurrekontuen onarpena erraztu behar zutela aurreikusten zen, euren babesaren bidez edo abstentzioagaz.Gauzak horrela, atzoko udal bilkuraren bozketa honakoa izan zen: Bilduk alde bozkatu zuen (7), EAJ-PNV (7) eta PSE-EE (2) abstenitu ziren eta PP-k (1) kontra bozkatu zuen.

Hiru alderdien artean sinatutako akordioan adosten den bezala, 60.000 euro bideratuko dira enpleguaren sustapenerako, 42.000 euro surfaren sustapen ekonomikoaren plana egiteko, 20.000 euro Udalaren plan informatikoa garatzeko, 15.000 euro aterpetxe turistikorako eta 5.000 euro udalerrian coworking proiektu bat diseinatzeko.

Honetaz gain, akordioan hiru alderdien arteko lantalde bat sortuko dela adosten da, lanpostuen zerrendaz hitz egiteko, eta Sopelako Udalaren Erregelamendu Organikoaren erreforma aztertzeko. Gainera, 2014. urtean liburutegi berriaren oinarrizko proiektua egiteko konpromisoa hartu da.

Alkatetzak oso modu egokian baloratzen du hartutako akordioa, enplegua, sustapen ekonomikoa, azpiegitura turistikoak eta Udalaren sistema informatikoak indartzen dituelako.

Azpimarratu behar da irailean adostutako egutegia ia-ia %100-ean bete dela, eta gainera aurrekontua abenduaren 31 baino lehen onartu dela (hori ez da oso ohikoa Udal honetan eta gehienetan).

Gainera, aurrekontuetan inbertsioetarako 900.000 euro baino gehiago gorde dira:

-       Kopururik handiena (250.000) Gatzarriñe kaleko bidegorria eraikitzen hasteko lanetara bideratuko da (Ander Deuna Ikastolara heltzen dena). Urte bitan egiteko lana izango dela aurreikusten da, 517.000 euroko gastuarekin. Aurrekontuetan kostu osoa jasotzen da, 2014. urtean 250.000 eurokoa eta 2015. urterako 265.000 euroko kreditu-konpromisoa.

-       Sopelako Udalak Irisgarritasun Plan bat abiatu du, eta ardatz nagusi bi izango ditu: oinezkoentzako gune berriak egokitzea eta espaloiak eta leku publikoak irisgarriagoak bihurtzea. Aurrekontuak 150.000 euroko diru-saila gordetzen du.

-       Loiolako alokairuzko etxebizitza publikoen proiektua zehazteko 75.000 euroko aurrekontua gorde da. Diru-sail honi aurreko aurrekontuetatik gordetako dirua gehituko zaio.

-       Arriatera auzoan autobusetarako geltoki bat eraikitzea aurreikusten da, eta 15.000 euro gorde dira horretarako.

-        Udal azpiegituren (30.259,63 euro) eta argiteria publikoen (80.000 euro) energia-lehiakortasuna hobetzeko aurrekontua ere gorde da. Diru.sail honetan argi publikoen kableen lapurketak saihesteko neurriak jartzen hasteko aurrekontua ere gordeko da.

-        Umeentzako jolasen sarea osatzeko 50.000 euroko diru-laguntza aurreikusten da.

-        Liburutegi berriaren proiektua garatzea aurreikusten da, eta 75.000 euro gorde dira horretarako. Aurreko aurrekontuetan gordetako dirua gehituko zaio kopuru honi.

-        2014. urtean zehar Arau Subsidiarioak berraztertzen ekingo dio Udalak eta HAPN berriaren idazketarekin hasiko da. Hurrengo lau urteetan, Udalak 600.000 euro eginkizun honetara gordetzea aurreikusten du, urtero 150.000 euro gordez. Hori dela eta, 2015, 2016 eta 2017 urteetarako kopuru horretako kreditu-konpromisoak gordetzea aurreikusten da. Aurreko urteetako aurrekontuak ere gehitu beharko dizkiogu. Udal Gobernuak etorkizuneko hirigintza-planteamenduetan garapen jasangarria bultzatuko du.

Horretaz gain, mantenimenduaren diru-saila 85.000 eurotan handitu da: Zipiriñe eskolan konponketak egiteko 20.000 euro bideratu dira, 40.000 euro errepide publikoetarako eta 15.000 euro ur eta saneamendurako. 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia