Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Progresibitatean oinarrituz, Udalak zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratu ditu

Progresibitatean oinarrituz, Udalak zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratu ditu

Sopelako udalbatzak udal zerga, tasak eta prezio publikoak eguneratzea onartu zuen atzo, urriak 29, gehiengo absolutuz.

Onarpena Bilduko Udal Gobernu Taldeak (7 zinegotzi) eta PSE-EE taldeak (zinegotzi 2) akordioa lortu ostean heldu zen. Udal Gobernu Taldeak alderdi politiko guztiekin egin zituen bilerak, baina azkenean PSE-EErekin lortu zuen akordioa. Oro har, proposamenean honakoa adostu da: zerga, tasa eta prezio publikoak %1,4 igotzea, salbuespenak salbuespen.

EAJk (7 zinegotzi) honako zerga eta tasen kontra bozkatu zuen: ondasun higiezinen zerga, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, zerbitzu publiko eta administrazio jardueren tasa. Aldiz, kasu hauetan aldeko botoa eman zuen: jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hirilurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga, instalazio, eraikuntza eta obren gaineko zerga e.a. PPko zinegotzi bakarrak, aldiz, kontrako botoa eman zuen proposamen guztietan.

Onartutako proposamenaren asmoa justizia soziala bultzatzen jarraitzea da, udal zerbitzu publikoak bermatzen eta hobetzen diren bitartean. Udal zergen bidez, beraz, justizia sozialerantz urratsak ematen jarraitzen da, gehiago duenak gehiago ordaintzen duelako eta aberastasuna banatzen delako.

Udal gobernuak funtsezkoa ikusten du zergak eta tasen zenbatekoa eguneratzea zerbitzuen kalitatea eta behar diren inbertsioak mantendu ahal izateko, nahiz eta hainbat igoerarik ez aplikatzea proposatzen den, nahiko zergapetuta daudelako edo zerbitzuen erabilera errazteko. Proposamenak progresibitate irizpidean aurrera egin nahi du, orain arte egon diren desbideraketak zuzenduz eta errenta gutxien dutenekiko laguntzak, hobariak eta salbuespen-egoerak mantenduz.

Bestalde, mantendu egiten dira iazko hobari eta salbuespen-egoerak, modu progresiboan ezarrita, bai eta Higiezinen gaineko zerga eta hondakinen tasa ordaintzeko errenta gutxien dutenekiko diru-laguntzak ere.

2014rako proposamenaren irizpide orokorra hori izan bada ere, salbuespen batzuk daude:

⁃       Ibilgailu mekanikoen gaineko zergan, zilindrada handiko autoentzako %3,5eko igoera proposatzen da, orain arte Foru Aldundiaren irizpideekiko azpigrabatuta egon baitira. Zilindrada ertainekoentzako izoztea proposatzen da, gaingrabatuta daudelako.

⁃       Zarama bilketa tasaren kasuan, tasa honek ez du estaltzen zerbitzuaren koste osoa, 130.000 euroko defizita dauka Udalak arlo honetan. Gainera 2013an tasa horrek ez du igoerarik izan eta zerbitzuak aldiz bai. Onartutako proposamenean eskainitako zerbitzuaren arabera tarifak ezartzen dira.

⁃       TAOren tasa 10 zentimo igotzea proposatu du 30 minutuko tarterako.

⁃       Lehen okupaziorako lizentziaren tasa (etxe berri bat egiten denean bizitzera sartzeko egin behar dena) inguruko beste udalerri batzuetakoarekin parekatzea proposatzen da.

⁃       Sopelbusaren bidaia bakoitzak 10 zentimoko igoera izango du. Bonoaren prezioa, aldiz, mantenduko da. 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia