Asteburu honetan Inauteriak ospatuko ditugu Sopelan

 

Datorren otsailaren 11n, Inauteriak ospatuko ditugu Sopelan eta ekintzaz beteriko egitaraua antolatu dugu. Jaia, 18:00etan hasiko da Urko kiroldegian. Ateak zabaldu bezain laster mozorro lehiaketan parte hartzeko izen-emateak hasiko dira. Jarraian, 18:15ak aldera, aurpegia margozteko eta mozorroen osagarriak egiteko tailerrei ekingo diegu eta photocall bat ere egongo da, argazkiak atera eta momentuan inprimatzeko. Jolasez eta dantzez beteriko diskofesta 18:45etan hasiko da eta 20:00ak arte luzatuko da. Ordu horretan, hain zuzen ere, sari banaketa hasiko da.

Sariak banatzeko orduan, epaileek  mozorroaren originaltasuna eta kalitateaz gain, parte-hartzaileen jarrera ere izango dute kontuan: aurpegia margotzea edo osagarriak egitea, photocallean argazki originalak ateratzea, diskofestan planteatzen diren dantza eta jolasetan parte hartzea, era ikusgarrian dantzatzea, etab.

Leku kopurua 700 pertsonetara mugaturik egongo da.

Gazte Inauteriak 

Sopelako kuadrilak ere prest daude Inauteriak ospatzeko. Izan ere, otsailaren 10ean Ander Deuna ikastolan bazkaria (14:30) eta mozorro desfilea  (17:00) antolatu dute eta 19:30etatik aurrera herrian zehar elektrotxaranga batekin girotutako poteoa ere egingo dute. Aurten, Zinema izango da mozorroen gaia.