Apirilaren 10ean, Klika Korrika!

Hasi beroketak egiten, apirilaren 10ean helduko baita Sopelara Korrikaren 21. edizioa. 20:24ak aldera sartuko da gure herrira Gorliztik, eta herriko hainbat kale zeharkatu ostean, Algortarantz joango da. Aurten, euskararen aldeko lasterketa erraldoia apirilaren 4an hasiko da Garesen eta apirilaren 14an bukatuko da Gasteizen “Klika” lelopean.

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 20 Korrika eta 39 urte igaro dira. 2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 21. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.

Aipatzeko da ere Korrika dela eta Sopelako Korrika Batzordeak bestelako ekintzak antolatu dituela ekimenari ongietorria emateko. Igandean, apirilak 7, goizean zehar

kalejirak egingo dira trikitrilari,panderojole eta zanpantzarrekin eta arratsaldean dantza plazak Udaletxeko plaza eta inguruetan. Bestalde apirilaren 10ean, asteazkena, Korrika iritsi arte, txapak, petoak, serigrafia eta abar egiteko tailerrak, disko festa eta txokolatada antolatu dira.

Klika Korrika!