Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Ostegunean Sopelako Euskaraldiaren Hamaikakoaren aurkezpena

Ostegunean Sopelako Euskaraldiaren Hamaikakoaren aurkezpena

Ostegun honetan, urriak 18, Sopelako Euskaraldiaren hamaikakoa osatuko duten pertsonen zerrenda aurkeztuko da Jauregizar plazan 18:30etan. Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rollen bitartez. Aurkezpenaren ondoren, Hamaikakoek argazkia aterako dute eta jarraian bertsolaritza eta dantza ekitaldiak izango dira. Alde batetik, Paula Loizaga eta Unai Mendiburu bertsolariek jardungo dute eta bestetik, Meñakoz taldeko trikitilari eta panderojoleek Plaza Dantza ikuskizuna eskainiko dute.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Euskal Herri osoan gauzatuko den ekimena da, euskaldunon hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran eragiteko helburua duena. Sopelan herritarrek osatutako hainbat talde eragile mugitzen ari dira ekimenarekin bat egiteko eta ekimena bera sustatu, garatu eta zabaltzeko. Orain arte, taldeek hainbat jarduera burutu dituzte eta dagoeneko ehunka sopelaztarrek eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Partaideak asteazkenero elkartzen dira Kurtzion 18:00etan eta herritar oro dago gonbidatua bileratan parte hartu eta antolatu ahal diren ekintzetan parte izateko, denok baikara eragile!

Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, bi modutara parte hartu ahalko dute 16 urtetik gorako herritarrek, "ahobizi" eta "belarriprest" bihurtuta, hain zuzen ere:

  • Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz).
 
  • Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke

Ekimenean parte hartu nahi dutenek honako lekuetan eman dezakete izena, besteak beste: Kurtzio kultur etxea, liburutegia, udaletxea, turismo bulegoa, anbulatorioa, Sopelako kiroldegiak, frontoiko taberna, institutua, Ander Deuna ikastola, Zipiriñe ikastetxea, baita jardueratan jarriko diren mahai informatiboetan ere.

ERDU SOPELAKO EUSKARALDIRA!

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia