Kaliforniako Sasha High Schooleko ikasleak Sopelan bisitan

Abenduan Sopelako Iberre Institutuko DBH laugarren mailako 16 ikasle, 2 irakaslerekin batera, Kalifornian izan ziren, euren ingelesa hobetu eta, bide batez, bertako kultura eta ondarea ezagutzeko helburuarekin.

Esperientzia horren ondoren, orain, ikasle kaliforniarren txanda da. Zentzu horretan, guztira, Mount Sasha High Schooleko 6 ikasle, irakasle batez lagunduta, Sopelara heldu ziren aurreko ostiralean, martxoak 9 eta udalerrian bihar arte egongo dira, hilak 16. Egun hauetan zehar, eta elkartruke programa hauetan ohikoa den bezala, irteerak eta ibilaldiak izan dira nagusi.

Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak baieztatu duenez, duda barik, mota honetako elkartruke programa hauek “hizkuntza perfekzionatzeko aukera ezin hobea izateaz gain, beste herrien tradizioak, hezkuntza eta bizimodua ezagutzeko modu bikaina da, betiere, beste gazteekin erlazionatuz eta laguntasun harremanak sortuz”.

Egonaldia Sopelako udaletxea ezagutzeko bisita ofizial batekin hasi zen, non, Gontzal Hermosillak alkateak berak, harrera egin zien ikasleei. Taldea, udalbatza aretoa eta udaletxeko beste gune batzuk ezagutu ondoren, udalerriko hondartzetara abiatu zen, turismo gida birekin, kostaldearen geologia eta paisaia ikustera. Sopelako gune enblematikoenak ikusita, azkeneko egun hauetan inguruak ezagutzen ari dira, besteak beste: San Millán de la Cogolla, Bizkaiko Zubia, Arte Ederretako eta Guggenheim museoak, Artxanda, Bilboko alde zaharra, etab.

Halaber, kirola presente egon da astean zehar, izan ere, Institutuan bertan herri kirol jarduera batzuk ikusteko aukera izan dute, baita gaztelerazko eta ingelesezko saioetan parte hartzeko parada ere.