Zu hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskaragaz lotutako hamaika jarduera azaroaren 28tik abenduaren 5era arte

Euskaragaz lotutako hamaika jarduera azaroaren 28tik abenduaren 5era arte

Urtero legez, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da han eta hemen, eta hamaika ekitaldi ospatuko dira Euskal Herriko eta nazioarteko txoko ezberdinetan. Sopelan ere, urte osoan zehar euskaraz bizi gura dugun arren, aste honetan programazio berezia izango dugu, urte osoan egindako lana isla dadin. Egun hau ospatzeko eta aldarrikatzeko, azken urteotako programaziorik oparoena izango dugu: kontzertuak, dantza, bertsolariak… eta abenduaren 3an, orain arte Sopelan izan ez dugun jarduera bat, beste herri batzuetan arrakasta handiz ospatutakoa, MINTZODROMOA!

Programazioa, beraz, azaroaren 28tik abenduaren 5era arte izango da (baina ez ahaztu, euskararen egunak urteko 365 egunak direla!).

Azaroaren 28an euskal musikagintzaren izen handi bat izango dugu gurean, MIKEL MARKEZ. Kantugileak “Indar bat dabil hor” bere azken lana aurkeztuko du Kurtzio Kultur Etxean, 20:00etatik aurrera. Sarrerak hiru euroan salgai.

Azaroaren 30ean, benetan ikustea merezi duen ikuskizun multidisziplinarra. Urko kiroldegian dantza, musika eta teatroa izango dira nagusi, “Itsasoaren emazteak” proiektuan. Formatu handiko ikuskizun ikusgarri honek euskal dantza berrituak, antzerkia eta musika zuzenean nahasten ditu, Oinkari & Hika konpainiaren bidez. Umeek (12 urtera arte) sarrerak 3 euroan erosi ahal izango dituzte, eta helduek 5 euroan. IKUSKIZUN HAU BERTAN BEHERA GERATU DA KIROLDEGIKO ARAZO TEKNIKOAK DIRELA ETA.

Abenduaren 3an izango da programazioaren egunik handiena, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta lehen aldiz, SOPELAKO MINTZODROMOA ospatuko da. Eta zer da mintzodromoa? Bada, udal pilotalekuan eremu, jatorri eta adin ezberdintako sopeloztarrak elkartuko gara, mahai baten bueltan, euskaraz hitz egiteko. Honen helburua euskaldunen harreman sareak handitzea izango da. Mahai batzuk jarriko dira, kafe eta pastatxoekin, eta dinamizatzaileek hainabt gai proposatuko dituzte solaskideentzat, 19:00etatik aurrera. Parte hartu!

Hurrengo egunean, abenduak 4, beste ekintza azpimarragarri bat izango dugu, kasu honetan Kurtzio Kultur Etxean: “Ez da kasualitatea, bertso-saio musikatua”. Saio honek umorea, jolasa, gogoeta, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartuko ditu. Bertsolariak Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Alaia Martin eta Jone Uria izango dira. Gai jartzailea, Amaia Agirre, eta musikariak, Igor Arruabarrena (gitarra) eta Gari Otamendi (bibolina). Sarrera debalde izango da, 19:00etatik aurrera.

Azkenik, abenduaren 5ean 19:00etan Tartean eta Ez dok hiru bikoteatroaren “Lingua Navajorum” antzezlan ezaguna izango dugu Kurtzio Kultur Etxean. Mikel Martinez eta Patxo Telleria dira protagonistak, eta euskararen historia modu ero batean ezagutzeko aukera izango dugu. Sarrera, 3 euroan.

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia