Usted está aquí: Inicio

Artículos

Sopelako Udalak pobrezia energetikorako diru-laguntzak eskatzeko epea zabalduko du bihar

  • Udalak deitutako diru-laguntzen zenbatekoa 40.000 eurokoa izango da energi pobrezian dauden Sopelako familien beharrizanei erantzuteko. Eskariak azaroaren 8tik 21era arte aurkeztu ahal izango dituzte.
  • Era berean, Udalak beste 70.000 euro bideratuko ditu OHZ eta zaramabilketa nahiz estoldagatiko tasak ordaintzeko laguntzetara. Kasu honetan, interesdunek azaroaren 15etik 30era egin beharko dituzte eskariak.

Energiaren prezioak nabarmenki garestitu dira azken aldian eta horregatik, Sopelako zenbait etxebizitzetan etxeko beharrak asebetetzeko beharrezko energiaren kostu altuari aurre egiteko zailtasunak daude eta beraietako askok bere dirusarreretako zati handiegia bere etxebizitzako energia-faktura ordaintzera zuzendu beharrean aurkitzen dira eta horrek bere bizi-baldintzetan zuzenki eragiten du.

Errealitate honen jakitun izanda eta baliabide gutxien dituzten familiengan energiaren prezioaren garestitzeak dakartzan eraginak arintzeko xedez, Sopelako Udalak 40.000 euroko berariazko partida jarri du sopeloztarren eskura.

Dirulaguntza hauen helburua ohiko etxebizitzaren hornidura energetikoaren 2019. urtean egindako gastua estaltzea da. Familia-unitatea etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek osatuko dute eta aipatutako egoera hau biztanleen erroldaren bitartez ziurtatu behar izango da. Halaber, bestelako baldintza atzuen artean, eskaera egiten duten pertsonak Sopelan erroldatuta egon beharko dira, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin eta etenik gabe.

Laguntza hauek jasotzeko gehienezko diru-sarrerei dagokionez, pertsona bakar batek edo bik osatutako bizikidetza-unitateen diru-sarrerak ezin izango dira urtean 12.600 euro baino gehiagokoak izan. Hiru pertsonek osatutako bizikidetza-unitateen diru-sarrerak ezin izango dira 15.750 eurotik gorakoak izan; lau pertsonako familien kasuan, ezin izango dira 18.900 euro baino gehiagokoak izan eta bost pertsonek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateen diru-sarrerek ezin izango dute 22.050 euro gainditu.

Laguntza familia unitatearen ohiko etxebizitzan 2019an gastatutako elektrizitatea, gasa edo erabiltzen den beste edozein erregai ordaintzeko izango da. Emanaldi bakarrean emango da eta eskatzaile bakoitzak eta elkarbizitza unitate bakoitzak gehienezko zenbatekoa izango dute, 400 eurokoa.

Eskariak aurkezteko epea azaroaren 8tik 21era arte egongo da zabalik. Eskari orria eta deialdiaren oinarriak jada Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta daude eta interesdunen eskura daude www.sopela.eus webgunean, baita udal bulegoetan ere.

Beste 70.000 euro OHZ eta zaramabilketa nahiz estoldagatiko tasak ordaintzeko laguntzetara

Honez gain, gogoratu beharra dago Sopelako Udalak errenta-maila txikia duten familientzako, beste 70.000 euro bideratuko dituela Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta zaramabilketa nahiz estoldagatiko Tasak ordaintzeko laguntzetara. Kasu honetan, eskariak aurkezteko epea azaroaren 15etik 30era izango da.

Bete beharreko baldintzen artean, eskaria egiten duten pertsonak hurrengo egoera baten aurkitu beharko dira:

  • Langabezian.
  • Pentsioduna izan Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan.
  • Aktibo egon Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren baliokidea den errenta batekin: hilean 900 euro; urtean 12.600 euro.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzailea izan.
  • Oro har, baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea.

Baldintza eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio gehiagorako: 

http://sopelaudala.org/index.php/es/documentos/cat_view/23-dirulaguntzak-subvenciones/41-doan-lehia-libre-concurrencia

 

- Sopelako Udala - Sabino Arana, 1 Sopela 48600 Bizkaia (94) 406 55 00 -

Euskal Herria

Bizkaia